Urruzola, Altuna eta Artolaren debuta

Altuna III.ak irabazi eta Urruzolak galdu

Ataria 2014ko ekainaren 24a

Jokin Altunak eta Julen Urruzolak gaur debutatu dute profesionaletan, Aspe enpresarekin, Eibarko Astelena pilotalekuan. Jaialdiko lehen partidan Urruzola asteasuarrak jokatu du, Ezkurdia lagun zuela. Jaka eta Cecilioren aurka, 22-10 galdu du Urruzolak.

Eibarko jaialdiko bigarren partidan Altuna III.a amezketarrak jokatu du, Barriolarekin bikotea osatuz. Aurkariak Titin III-Tolosa izan dituzte, eta partida lehiatu baten ostean, amezketarrak eta leitzarrak 22-20 irabazi diete errioxarrari eta anoetarrari. Aipatu, Eibarko pilotalekuan jokatzen zuen azken aldia zela Errioxako Titin III.arentzat.
Bi debutariak ez dira bakarrik egon, izan ere, harmailetan eskualdetik joandako zale ugari elkartu dira. Amezketatik hiru autobus joan dira Eibarrera, eta Asteasutik bat, Altuna III.aren eta Urruzolaren urrats garrantzitsuaz gozatzera.
Iñaki Artola alegiarrak, bestalde, larunbatean debutatuko du Tolosako Beotibarren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!