Zaindua izateko moduez ariko dira asteleheneko saioan

Tolosaldeko Ataria

Olaia Aranak gidatuko saioa Lasarbe aretoan, zaintzaren inguruko gogoeta pertsonal zein komunitarioa sustatzeko asmoz.

Anoetako Udalak eta Anoeta, elkar zainduz herri ekimenak hitzaldi irekia antolatu dute datorren astelehenerako, 18:00etan, Lasarbe aretoan. Saioaren izenburua Ba al dakit nola nahi dudan zaindua izan? izango da, eta herritarrak zaintzaren inguruko gogoeta egitera gonbidatuko ditu.

Hitzaldia Olaia Aranak eskainiko du, eta bertan pertsona bakoitzak bere etorkizuneko zaintzari buruz dituen nahiak, lehentasunak eta beharrak aztertuko dira. Bizitzako une jakin batzuetan denok zaintza behar izan dezakegula abiapuntu hartuta, zaintzaren inguruko elkarrizketa sustatu nahi da, ikuspegi pertsonal zein komunitariotik.

Saioa Anoeta, elkar zainduz ekimenaren barruan antolatu da. Adin eta egoera ezberdinetako herritarrek osatutako talde ireki horrek herrian harremanak sendotu, bakardade egoerei aurrea hartu eta elkarren arteko zaintza sustatzeko lanean dihardu. Helburua da eguneroko bizitzan lagungarri izango diren loturak, elkarguneak eta keinu txikiak sustatzea, komunitate sendoago eta konektatuago bat eraikitzeko.

Hitzaldia herritar guztiei zuzenduta dago eta parte-hartzea doakoa izango da. Gainera, saioan gaztelaniarako aldibereko itzulpena eskainiko da. Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte bertaratzera, zaintzaren inguruko hausnarketa partekatu eta komunitatearen ongizatean sakontzeko aukera izango baita.

Ekimenari buruzko informazio gehiago eskuratu edo taldean parte hartu nahi dutenek Anoetako Udalera jo dezakete edo 943 65 12 00 telefonora deitu.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!