«Ezin dira hainbeste urteko zaintzak inprobisatu»

Jon Miranda Labaien

Olaia Arana gizarte langileak gidatuko du Anoetako zaintza prozesuaren barruan abiatu duten «Hitz egin dezagun zaintzaz: zaintzak ez dira inprobisatzen» programa. Atzo aurkeztu zuten Lasarbe aretoan.

Anoetan prozesu komunitario bat abiatu dute herriko zaintza beharrei buruz hausnartzeko eta herri zaintzaileagoa izateko bideak bilatzeko. Herritarren iritziak jaso eta herriko errealitatea aztertu ondoren, zaintza plana osatu zuten duela hilabete batzuk. Prozesu horren barruan, Zaintza Mahaia ere sortu dute, planari jarraipena egiteko eta egin beharrekoak lehenesteko. Mahaia irekia da, eta herritarrek parte hartzeko aukera dute. Prozesuaren barruan, Hitz egin dezagun zaintzaz: zaintzak ez dira inprobisatzen programa ere abiatu dute. Lau saiotan zaintzaren inguruko hainbat gai landuko dituzte. Olaia Arana (Orereta, 1976) gizarte langileak gidatuko du programa.

Nola baloratzen duzu Anoetan zaintzaren inguruan abiatu duten prozesua? Ezagutzen al duzu antzeko esperientziarik beste herrietan?

Azkenaldian, herri gehienetan ari gara zaintza komunitarioak nola bultzatu daitezkeen bilatzen. Gero eta jende helduagoa dago, eta gero eta denbora luzeagoan behar izaten ditugu zaintzak. Horregatik, herri zaintzaileagoak nola egin bilatzen ari gara, bai Anoetan eta bai inguruko herri gehienetan. Horretarako, denen parte-hartzea behar-beharrezkoa da: herritar guztiena, ez bakarrik adinekoena edo zaintzak behar dituztenena. Txikiak ginenean zaindu gintuzten; helduak garenean ere zaintzak beharko ditugu. Zaintza ez da pertsona bati pixoihala aldatzea bakarrik; askotan, informazioa da behar duguna; askotan, parte sentitzea ere zaintza da. Zaintza oso zabala da, eta ez da adinekoen kontua bakarrik. Horregatik dago programa herritar guztiei zabalik. Azkenean, denoi tokatzen zaigu norbait zaintzea: umeak, aiton-amonak edo lagun bat, esaterako.

Zaintza Mahaia ere osatu duzue. Nork osatzen duzue mahaia?

Argazkian oso gutxi agertzen gara, baina taldean 20 bat lagun gaude. Batzuk profesionalak dira: udaletxekoak, Osakidetzakoak... Baina gehienak herritarrak gara. Ez da ezer berezirik jakin behar, eta ez da zaintzan aditua izan behar. Denok izan dugu bizitzan zaintzarekin harremanen bat, eta, beraz, denok dakigu zerbait. Garrantzitsuena gogoa izatea da eta Anoetari zerbait eskaintzeko prest egotea.

Beraz, edonor batu daiteke?

Bai. Parte hartu nahi dutenek udaletxean eman dezakete izena eta taldearen dinamikan sartu. Zaintza Mahaia irekia da. Gaurko aurkezpenean ere hori argi utzi nahi dugu: ez dela talde itxia. Taldearen sarea poliki-poliki osatzen joan nahi dugu, denon artean. Ez da beharrezkoa bilera guztietara etortzea ere.

«Zaintzari buruz naturaltasunez hitz egin behar dugu, beldurra eta gatazkak saihesteko»

«Hitz egin dezagun zaintzaz: zaintzak ez dira inprobisatzen» du izena martxora bitartean garatuko duzuen programak. Zergatik izen hori?

Gure gurasoek eta aitona-amonek ez zituzten zaintzak planifikatu beharrik izaten. Askotan, urtebete edo pare bat urte irauten zuten zaintzek. Gaur egun, ordea, hamabost edo hogei urte iraun dezakete. Beraz, gaur egun zaintzak ez planifikatzea, arduraz ez jokatzea da. Ezin dira hainbeste urteko zaintzak inprobisatu. Horregatik jarri diogu izen hori programari. Jendeari, gainera, beldurra ematen dio zaintzaz hitz egiteak. Askok pentsatzen dute gai horretaz hitz egiten badute lehenago iritsiko zaiela zaintza beharra. Jendeak ez du egoera hori imajinatu nahi izaten. Baina imajinatzen ez dugun egoera hori nola planifikatuko dugu? Helburua da, beraz, naturaltasunez hitz egitea behar bati buruz eta denen artean ikustea norberak dituen beharrak besteek dituztenen antzekoak direla.

Zer landuko duzue saioetan?

Poliki eta goxo hasiko gara. Lehenengo saioan zaintza pertsonalak landuko ditugu. Jendeak askotan ez die garrantzirik ematen egunero egiten ditugun ekintza horiei, automatikoki egiten ditugulako. Baina norbaitek egin behar badizkigu, garrantzitsuak bihurtzen dira. Adibidez, pertsianak jaistea. Zuk lo egiteko pertsiana irekita eduki nahi baduzu eta nik, zu zaintzeko asmoz, pertsiana jaisten badizut, agian ez dizut mesederik egingo. Zuk zer nahi duzun esaten ez badidazu, nik niretzat ona dena egingo dut, ustez zuretzat ere ona izango delako. Eta askotan ez da horrela izaten. Beraz, garrantzitsuak dira eguneroko xehetasun horiek: nola janzten garen, nola orrazten garen, zeri ematen diogun garrantzia... Azken batean, eguneroko xehetasun horiek egiten dute gure bizitzak zentzua izatea.

Zaintza pertsonalekin batera, erabaki medikuei buruz ere ariko zarete.

Bai. Jendeak beste garrantzi bat ematen die gai horiei. Azkenean, zer bizi-kalitate nahi dugun ari gara erabakitzen: nolako etorkizuna nahi dugun eta nola nahi dugun zainduak izatea. Eutanasia ere landuko dugu, eta, beraz, gisa horretako erabakiak hartzeko aldez aurretik informazioa behar dugu.

Aurretiazko borondateen dokumentua ere landuko duzue?

Bai. Jendeak askotan bere burua azken unean ikusten duenean hartzen ditu erabakiak, eta gai batzuk aldez aurretik eta naturaltasunez hitz egin beharrekoak dira. Aurretiazko borondateen dokumentua ez da saio honetara etorri eta derrigor bete behar den zerbait. Niretzat garrantzitsuena hausnarketa-prozesu bat izatea da, eta prozesu horretan beste batzuek ere parte hartzea. Ez da nik bakarrik egiten dudan dokumentu bat: idatzita uzten dudana prozesu baten eta elkarrizketa batzuen emaitza izan behar da. Horretarako, hausnarketa pertsonala ere egin behar da.

Zaintza administratiboak ere landuko dituzue. Zer sartzen da hor?

Askotan ez gara konturatzen, baina gaitasun kognitiboren bat galtzen badugu, agian ez gara gai izango gure eguneroko gauzak kudeatzeko: ez janzteko edo garbitzeko bakarrik, baita alokairua edo zergak ordaintzeko ere. Orduan, beste norbait behar izan dezakegu gure kontuak kudeatzeko. Horri lotuta, notarioaren ahalordeez ere hitz egingo dugu. Jendeak aldez aurretik pentsa dezake zer nahi duen, nola nahi duen eta nor nahi duen bere ordezkari izatea. Bide bat markatzen joatea da helburua.

Eta azken saioan zaintza ekonomikoak landuko dituzue.

Bai, besteak beste, testamentuez eta antzeko gaiez hitz egingo dugu. Gure seme-alabek oso barneratuta daukate, guk baino gehiago, gure ondarea oinordetzan jasoko dutela. Baina gaur egun zaintzak dauden bezala, ondarea ere guk kudeatu behar dugu gure zaintzarako. Testamentu bat ondo eginda badago, elkarrizketa batekin eta hausnarketa batekin eginda, zaintzeko beste modu bat ere izan daiteke. Aitzakia horrekin, gai horiei guztiei buruz hitz egin dezakegu.

«Zaintza beharrei aurrea hartzea eta horiei buruz hitz egitea da helburua»

Beraz, saioak herritar guztiei daude zabalik?

Bai. Edozein herritarrentzat dira. Garaia iristen denean, saioen berri emango dugu kartelen bidez. Printzipioz, Lasarbe aretoan izango dira saio guztiak. Leku goxo bat nahi genuen, azkenean gaiak ez direlako beti samurrak izango. Jende asko etorriko balitz, beste zerbait planteatu beharko genuke, baina printzipioz hemen izango dira.

Abenduan pelikula bat ere emango duzue, «El inconveniente» izenekoa.

Bai. Abenduaren 16a Nazioarteko Nahigabeko Bakardadearen Eguna da, eta aste horretan aprobetxatu nahi dugu, abenduaren 14an, El inconveniente pelikula emateko. Bakardadearen gaia umoretik lantzen du filmak. Ondoren, solasalditxo bat egingo dugu, bakoitza bakardadearen aurrean nola kokatzen den eta zer esan nahi duen azaldu ahal izateko.

Zaintza Mahaiak beste zeregin batzuk ere izango ditu aurrera begira. Zer asmo duzue?

Oraindik ez daukagu programa guztia itxita, irekita gaudelako. Martxora bitartean, hilero zerbait egitea da asmoa: elkartu, zaintzaren inguruan hitz egin eta hausnartu, eta ikusten joan nondik nora joan behar dugun eta zein behar ditugun, Anoetak zein behar dituen. Poliki-poliki joan nahi dugu. Hau ez da 100 metroko lasterketa bat, maratoi lasai bat baizik. Pausoz pauso joan behar dugu.

Eta, azkenik, zalantzan dagoen herritar bati zer esango zenioke?

Beldurra kendu behar diogula gai honi. Naturaltasunez hitz egin behar dugu honetaz. Azkenean, denoi tokatuko zaizkigu zaintzak; denok beharko ditugu zaintzak. Ez dakigu zein gradutan, baina beharko ditugu. Hoberena da lehenbailehen naturaltasunez hitz egiten hastea, etxean ere bai. Horrela, zaintza beharra azaltzen denean, aldez aurretik hitz eginda baldin badaukagu, saihestu egingo ditugu beldur eta gatazka batzuk. Beraz, animatu daitezela. Beldurra kenduta etor daitezela, eta gutxienez erreminta batzuk emango dizkiegu.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!