Atzo goizean hil zen Rafa Uribarren, zenbait urtez Anoetako EAJko zinegotzi izandakoa. Arrasatearra jaiotzez eta albaitaria ogibidez –Gipuzkoako Albitarien Elkargoko presidentea izan zen–, 80ko hamarkadan joan zen Anoetara bizitzera. Arrasateko Udaleko zinegotzi izan zen lau urtez, eta 1993tik aurrera Anoetako Udaleko zinegotzi izan zen hamasei urtez; 2019an, EAJko alkategai izan zen bertan. 2019-2023 legealdiaren ondoren, erretiroa hartu zuen eta zinegotzi izateari utzi zion.
Herri mailan ez ezik, lurralde eta erkidego mailan ere aritu zen politikan. 1995 eta 2005 urteen artean Eusko Jaurlaritzako legebiltzarkide izan zen, eta Osasun Saileko ordezkaria izan zen Gipuzkoan. Era berean, Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) kide izan zen.
2005 eta 2011 urteen artean, berriz, Landa Garapeneko foru diputatu izan zen. Ingurumenarekiko zuen interesak eta ezagutzak hainbat neurri abian jartzera eraman zuen, bai aldundian baita udalean egindako proposamenetan. Etorlur lurzoruaren kudeaketarako sozietate publikoko Administrazio Kontseiluko kide ere izan zen.
2023an, Hauteskunde Orokorretarako EAJren Senaturako hautagaien artean izan zen, hirugarren postuan.
GBBren eta diputatu nagusiaren hitzak
EAJren Gipuzkoa Buru Batzarrak gogoan izan du Uribarren alderdikidea: «Une tristea benetan, eta aldi berean eskerrak emateko ordua. Rafak Euskadiri eta Eusko Alderdi Jeltzaleari emandakoa asko eta ona izan da denbora luzean. Nekazaritza bokazioa eta albaitaritza-ezagutzak herrigintzara eraman zituen. Alderdiari leiala, euskaldun abertzalea, beti laguntzeko prest, adeitsu eta harrera oneko. Politika-ofizioa kirol-afizioaren balioekin jazten zuen: txirrindularitzak, errugbiak, mendizaletasunak talde-lana, sakrifizioa eta ausardiaren eta zuhurtasunaren arteko oreka bilatzen laguntzen zioten, Rafak zioenez».
Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak «atsekabe handia» adierazi du Uribarrenen heriotzagatik. Eusko Legebiltzarrean partekatu zuten etapan «harreman handia» izan zutela nabarmendu du. «Konpromiso handia izan zuen gure herriarekin eta bere garapenarekin», azpimarratu du diputatu nagusiak. «Lehen sektorea eta landa ingurunea ondo ezagutu eta gertu izan zituen. Hala, lehen sektorea eta landa ingurunea etorkizuneko erronketara egokitzeko lan sakona egin zuen», gaineratu du.
Hileta elizkizuna, Tolosan
Bihar izango da Uribarrenen aldeko hileta elizkizuna, Tolosako Andre Maria elizan, 19:00etan.