Anoetako Alkartasuna pilotalekuan jokatuko dira larunbatean X. Ataria Pilota Topaketako finalak. Lehenengo aldiz egingo da finalen jaialdia bertan, eta espero da astean zehar egiten ari den eguraldi beroak atsedenaldia oparitzea. 10:00etan hasiko da lehenengo partida eta guztira sei final jokatuko dira.
Eskuz bost kategoriatan jokatu da topaketa. Benjamin Bkoan Larrea-Landa (Anoeta) eta Aranzabe (Alkiza)-Txapartegi (Berastegi) ariko dira elkarren aurka. Berez Aranzaberekin Sansinenea aritu da topaketan, baina finalean ezin duenez egon, finalerdietara iritsi eta finalera pasatu ez ziren lau pilotarien artean zozketa egin ondoren Txapartegik jokatuko du finala. Ikusi beharko da finala jokatzeko suertatu den bikote berriko kideak nola konpontzeko gai diren. Benjamin A mailan Aburuza-Garcia (Aduna) eta Nazabal-Beloki (Baliarrain eta Bedaio) bikoteek jokatuko dute. Bigarren bikotea berez hirukote bezala hasi zen topaketa, eta bertako kidea izan da Olano, baina min hartuta dagoenez azken partidak ez ditu jokatu eta ez du parte hartuko finalean. «Partida nahiko parekatua izango da, baina Nazabal-Beloki izan daitezke zertxobait faboritoagoak», azaldu du Luis Galarraga topaketako koordinatzaileak.
Nesken benjamin eta alebin mailan txapelaren bila joango dira Enea Munduate-Izadi Beloki (Tolosa eta Amezketa) eta Naikari Garcia-Laia Alkorta (Alegia eta Aduna). «Adin horietan, bai mutiletan zein nesketan, zaila izaten da jakitea nolako finala aterako den, eta norbait faboritoagoa izanagatik ere, finala jokatu egin behar da», esan du Galarragak. Alebinetan Altuna-Eskudero (Berrobi eta Tolosa) eta Gorostidi-Balerdi (Amezketa) izango dira finalean. «Partida gogorra espero da. Asko borrokatuko dute bi bikoteek, eta laurek pilotan oso ondo jokatzen dute». Infantil mailan Etxarri-Urruzola (Aia-Alkiza) eta Arteaga-Nazabal (Baliarrain) ariko dira elkarren aurka. «Final oso polita eta gogorra izatea espero dugu. Ea etorkizunean eskualdeko pilotari hauek hor ikusten ditugun frontoietan ere».
Palan maila bakarra dago, eta bertan jokatu dute benjamin, alebin eta infantil kategoriakoek. Finalean Elosegi-Zufiria (Amasa-Villabona) eta Uzkudun-Mendizabal (Bidania-Goiatz eta Altzo) bikoteek jokatuko dute. «Finaletan ia urtero dabiltzanak ariko dira aurtengoan ere. Urtero ikusten dugu nahiko parekatuak izaten direla finalak, eta aurtengoan ere horrela izatea espero da», esan du Galarragak.
Ataria Pilota Topaketan zehar hainbat aldaketa egin dira egutegian, eskoletako irteerak eta jaialdiak tarteko. «Horrek baldintzatzen du jaialdiak aurreratu eta atzeratu beharra, eta topaketari bere garrantzia kentzen dio. Horri buelta eman behar diogu hurrengo urteetarako. Ikusi beharko da egutegia egokiena den, edo beste bat bilatu beharko den. Gainontzean, egutegiarekin arazoak izaten dira jokatzeko», zehaztu du Galarragak. Topaketaren balantzea eta datorren urterako aldaketak finalak eta gero egitea tokatuko da. Orain begiak eta gogoa larunbateko finalen jaialdian jarrita daude. Eskualdeko pilotaren festa izan dadila beste behin.