Anoetako Udala Herri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa zehatz bat lantzen hasi da. Aldaketaren helburu nagusia da baserrien barne banaketa eta horietan egon daitekeen etxebizitza kopuruaren handitzea ahalbidetu eta arautzea.
Gaiak herrian eta baserrien etorkizunean izango duen eragina kontuan hartuta, udalak ezinbestekotzat jo du herritarren parte hartzea prozesuan. Horregatik, bilkura irekia egingo du ekainaren 22an, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian.
Bileraren helburua izango da indarrean dauden hirigintza arauek arlo horretan zer jasotzen duten azaltzea, dauden aukerak eta muga legal nahiz teknikoak elkarrekin aztertzea, eta hirigintza aldaketaren helburu zehatzak herritarrekin batera zehaztea.
Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu saioan parte hartzera, bereziki baserrien jabeak eta erabiltzaileak, herriko hirigintza etorkizuna elkarrekin definitzeko.