Anoetako jaiak 2024

Kukua jaitsi eta hasi dira festak ofizialki

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 29a, 19:58

Aurten 25 urte bete dituen Anoetako Gazte Asanbladako kideek bota dute jaien hasierako suziria; bihar ume eta mozorro eguna da eta eragileek antolatutako saiheski jatea egingo dute 21:00etan.

Aurreko asteburuan lehenengo ekitaldiak ospatu ondoren, gaur eman zaie ofizialki hasiera Anoetako jaiei. Anoetako Gazte Asanblada izan da protagonista txupinazoaren unean, aurten 25 urte bete baititu. Txalapartarien doinuekin batera eta elizatik udaletxera kukua jaitsi ondoren asanbladako kideek piztu dute jaien hasierako txupinazoa. Kukuak Palestinako bandera zeraman herri horrekiko elkartasunez.

Gazte asanbladako kideek antolatzeko duela mende laurden gaztetxea sortzen aritu ziren militanteak gogoratu dituzte pregoiaren orduan: «Antolatzeko espazio baten beharra ikusi zutelako sortu zen gazte asanblada. Ordutik sorkuntzan eta antolakuntzan jardun dugu belaunaldiz belaunaldi». Asanbladako kideek esan dutenez sistema kapitalistak gaur egun ndibidualismora eta despolitizaziora bultzatzen ditu gazteak. «Ezin dugu besoak gurutzatuta geratu, ezinbestekoa ikusten dugu antolatzea eta gure espazioak defendatzea». Anoetako gazteei dei egin diete asanbladan parte hartzen segi dezaten.

Behin jaiak abiatuta biharkoa izango da festetako egun handia, Korputs eguna. Umeen egun gisa izendatuta dago biharkoa eta haiek izango dira protagonista goiz osoan. Haur parkea eta apar festa izango dituzte plazan. Arratsaldean, berriz, haur ikuskizuna eta buruhandi eta erraldoiak aterako dira. Jende ugari espero dute bihar gauean eragileek antolatu ohi duten saiheski jatean. Plaza beteko dute herritarrek.

Hain zuzen, plazan eta eragileek atondu duten gunean izango dira egunotan musika emanaldiak. Bihar, Zopilotes Txirriaos eta DJ Txekor ariko dira festen barruan. 
Igandera bitartean luzatuko dira festak Anoetan. Ostiralean izango den Belako taldearen kontzertuan jende asko espero dute. Larunbata, berriz, Gazteen Eguna izango da eta egitarauaren barruan, ohiturazko dantzak egingo dituzte gazteek. Arratsaldean kalejiran abiatu eta afalostean egingo dute dantza plazan.

Igandean ere dantzak hartuko du protagonismoa Anoetan. Anitz dantza taldearen emanaldia izango da 17:30ean, eta ondoren, Arineketetan ikuskizuna izango da plazan. 

Ikusi festetako egitarau osoa hemen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!