Anoetako jaiak 2024

Anoetako eragileek egitarau oparoa prestatu dute jaietarako

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 23a, 07:58

Ostiraletik aurrera txosnagunea zabalik egongo da eta datorren asteazkenetik aurrera abiatuko dute egitaraua; DJak izango dira gauero estalpeko festagunean.

Anoetako eragileek elkar hartu dute, beste behin ere, herriko festetako eskaintza egiteko. Ostiralean zabalduko dituzte txosnak eta asteazkenetik aurrera festa batzordeak antolatzen duen egitaraua osatzeko ekitaldiak prestatuko dituzte. Euskal preso eta iheslarien aldeko brindisa izango da maiatzaren 29an, herri mugimenduaren aldeko afaria maiatzaren 30ean, eta ekainaren 1ean, gazteen kalejira egingo dute urtero bezala.

Otsaila aldera hasten dira eragileetako ordezkariak biltzen herriko festak prestatzeko. Hamar bat lagun elkartzen dira taldean, eta azken aldera, asteroko maiztasunez egiten dituzte bilerak. «Mamituta daukagu lan dinamika, elkar ezagutzen dugu eta ohituta gaude beste hitzorduetan ere elkarrekin lan egitera». Maiatzaren 24tik ekainaren 2ra ospatuko dira Anoetako festak eta egunotan 180 lagun inguru arituko dira boluntario bezala lanean. «Elkarren zaintzari ere garrantzia ematen diogu. Festetan txanda bat egingo duenak, esate baterako, ziurtatuta du lekua herri mugimenduaren aldeko afarian», esan dute ordezkariek. Saldu dituzte dagoeneko txartel guztiak eta 450 pertsona inguruk afalduko dute plazan maiatzaren 30ean.

«Jendetsuak izaten dira eragileek antolatutako ekitaldiak». Ekainaren 1eko Gazteen kalejiran 120 lagunek eman dute izena. Plazan egingo dute dantza eta hori izango da Anoetako festen guneetako bat. Plaza txikia deitzen dioten horretan jarriko dute agertoki nagusia eta bertan egingo dituzte jai egitarauko kontzertu nagusiak. Eragileek hiru txosna jarri dituzte festagunean: plaza txikian bat, plaza handian bestea eta plazaren aldameneko estalpean bestea. Estalpe horretan programatuko dituzte eragileek musika emanaldiak.

«Udalarekin koordinatuta jarduten dugu eta saiatzen gara plazan dauden kontzertuak eta estalpekoak osagarriak izaten. Egunen batean bi agertokietan aldi berean arituko dira musikariak eta horrelakoetan giro ezberdinak sortzen saiatu gara». DJak izango dira eragileen festa guneen arituko direnak. Herrikoak, inguruko herrietatik etorritakoak eta Gasteizkoak ere izango dira tartean. «Festa luzatzeko aukera izango da DJ horien jardunarekin», aipatu dute. 

Espazio segurua festetan

Ostiraletik aurrera festagunea espazio segurua izatea nahi dute eragileek. Aurretik osatua dute festetan eraso matxisten aurrean nola jokatu erabakitzeko protokoloa. Herri osora zabaldu zuten gerora eta Adi eta so eraso matxisten aurkako behatokia sortu zuten 2021ean. «Protokoloa martxan egongo da aurtengo jaietan ere eta kartelak jarriko ditugu txosnagunean eraso bat ikusiz gero nola jokatu azalduz. Udala tabernariekin ere bildu da. Eraso bat gertatuko balitz, hurrengo egunean elkarretaratzea egin eta txosnagunea itxiko genuke». Jai egunetan 688 612 100 telefono zenbakia martxan egongo da 24 ordutan eraso bat gertatuko balitz lehenengo arreta emateko.

«Bitartekoak jarriko ditugu, baina esan nahi dugu denon ardura dela indarkeria matxistari aurre egitea. Herritarrei aktibo egoteko deia egin nahi diegu. Gizonezkoek beste gizonezkoen jarreren aurrean posizio bat hartzeko ardura dute», esan dute eragileek.

Dena prest dago festak abiatzeko. Herriko eragileetako batek, Anoetako Gazte Asanbladak izango du datorren asteazkenean festen hasierako suziria botatzeko ohorea bere 25. urteurrenagatik. Horren aurretik, lehen asteburuan, festa giroan murgiltzeko dena prest dute eragileek. 

Egitaraua

  • Maiatzak 29, asteazkena
    • 19:30. Brindisa.
    • 00:30. Herriko DJak.
  • Maiatzak 30, osteguna
    • 21:00. Herri mugimenduaren aldeko afaria.
    • 00:30. DJ Txekor.
  • Maiatzak 31, ostirala
    • 00:00. DJ Sassy.
  • Ekainak 1, larunbata
    • 18:00. Gazteen kalejira.
    • 23:30. Gazteen dantza.
    • 00:00. Zigor DZ.
    • 02:30. DJ Eromena.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!