Lizarrako haurraren erailketa salatu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 11a, 09:57

Anoetako plazan egin zuten elkarretaratzea atzo, zazpi urteko umearen heriotza bortxa matxistaren ondorio izan dela salatzeko.

Herritar ugari bildu zen atzo Anoetan, Lizarrako Mateo Apestegi haurraren hilketa gaitzesteko. Zazpi urteko umearen heriotza bortxa matxistaren ondorio dela uste dute Anoetako mugimendu feministako kideek: "Amari bizi osorako zigorra eta sufrimendua eragiten dizkiolako da indarkeria bikario kasu bat". Haurraren hilketa indarkeria bikarioko kasu bat izan daitekeela uste du Espainiako Berdintasun Ministerioak ere, eta ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.

Guardia Zibilaren helikoptero batek aurkitu zituen asteartean haurraren eta haren aitaren gorpuak, Urbasan, Ubabako amildegian, eta autopsiak baieztatu zuen aitak salto egin zuela 7 urteko semeari helduta. Indarkeria bikarioko kasua dela egiaztatuko balitz, hamabi lirateke 2003tik Euskal Herrian bortxa matxistaren ondorioz hildako haurrak.

Anoetako mugimendu feministako kideek eskatu dute indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzea: "Badakigu indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakumeok bizitzako alor guztietan jasaten dugula indarkeria hori". Autodefentsa feministarako deia ere egin dute kontzentrazioaren amaieran. "Gure bizitzak jokoan daude, bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresnarik eraginkorrenak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!