Buruhandien aurretik korrika, arratsaldeko ekitaldi nagusiaren zain

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ekainaren 9a

Anoetako festetan Kopruts egunaren biharamuna eta Gazteen egunaren bezpera ospatzen ari dira gaur. Txikienak buruhandien haurretik lasterka ibili dira, eta arratsaldean play-back-a izango dute.

Anoetako festetan bigarren asteburua ospatzen ari dira. Igandean amaituko dira festak, baina aurrez, bada nahikoa ekitaldi jai giroaz gozatzeko. Gaur goizean, esaterako, ume jolasak egin dituzte plazan, Kulki taldearekin, eta jubilatuek toka txapelketa jokatu dute. Eguerdian, buruhandi eta erraldoien txanda iritsi da; kalejira egin dute plazaraino, Loatzo Musika Eskolako trikitilariekin. Behin herriko enparantzara iritsi direnean, haurren atzetik lasterka atera dira; txikienek ederki gozatu dute, eta izan da buruhandia probatu duenik ere.

19:00etan iritsiko da festetako ekitaldi nagusienetako bat: Play-back-a. Urtero, herritar ugarik parte hartzen du, batez ere, haurrek, eta aurten ere, hala izatea espero da. Play-back-aren ordu berean, Kaxaren jolasa egingo dute txosnan, Anoetako Txozna Batzordeak antolatuta. 23:30ean, kontzertuak izango dira plazan: Kai Nakai eta Liher. Eta festa luzatu nahi duenarentzat, 1:00etan, DJ Nazaren txanda izango da txosnan.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!