Bigarren txandarako prest

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 7a, 20:00

Anoetan gaur arratsaldean bota dute jaiei hasiera emateko txupinazoa, Loatzo musika eskolako ordezkariek pregoia irakurri ondoren; gaurtik igandera ospatu dituzte herriko festak.

Aurrerapen gisa aurreko asteburuan ospatu zituzten lehenengo ekitaldiak Anoetako jaien barruan, baina, atzo arratsaldean eman zitzaien jaiei hasiera ofiziala eta igandera bitarte luzatuko da festa. Egitarau oparoa prestatu du jai batzordeak, eta egitarau hori osatze aldera, herriko eragileek txosnagunean ekitaldi gehiago antolatu dituzte.

Herriko eragileek hartzen dute parte festa batzordean eta guztientzako esker hitzak izan ditu jarduneko alkate Pello Estangak. Barruarekin gozatu eta ondokoekin errespetuz jokatzeko deia luzatu du festen atarian. 20 urte bete dituen Loatzo musika eskola izan da aurten Anoetako festen pregoilaria. Eskolako ordezkariek esker hitzak izan zituzten atzo bildutako jendearentzat. «30 urte paseak dira Anoetako Udalak musika eskola sortu eta herritar orori musika ikasteko aukera zabaldu zigunetik. 20 urte pasa dira udalak Loatzo musika eskola sortzeko bideak ireki eta eskualdeko herriei ateak zabaltzeaz gain, elkarrekin eskaintza zabal bat adostu eta elkarlanean proiektu hau aurrera eramatea erabaki zenetik», esan zuten.

Loatzo musika eskolako kideentzat bereziak dira Anoetako jaiak euren esanetan bertan hasi baitzen eskolaren ibilbide berria. Hain zuzen, musika eskolako txarangarekin eman zitzaion hasiera festari. «Musika eta oro har artearen bidean hezteari garrantzia ematen dion herriak, hezkuntza eta kultura ardatz dituenak, herritarrak aberatsago egiten gaituela sinesten dugu». Ohiturazko oihuak bota ondoren, kanpai hotsekin batera herriko txalapartariek iragarri zuten kukuaren etorrera, eta txupinazoa jaurtitzearekin batera eman zitzaion hasiera festari. Irakin proiektuko arduradunak izan ziren suziria pizteaz arduratu zirenak. Lehen eguna biribiltzeko, Kuku elkarteak antolatutako sardina jatea izan zen atzo iluntzean plazan eta han ere Loatzoko trikitilariek alaitu zuten jarduna. Gabezin erromeri taldearekin eman zitzaion amaiera festen lehenengo egunari.  

Igandera arteko jaiak

Gaur da jaien egun handia Anoetan, Korputs eguna. Umeek euren eguna ospatzen dute, eta beraz, barraken prezioa merkeago izango dute etxeko txikienek. Gainera, goizean 10:30etik 13:30era plazan haur parkea eta apar festa izango dira. Arratsaldean, berriz, Peru krokodiloa izeneko haur ikuskizuna eskainiko du Kantu Kolore konpainiak.

Festetako ekitaldi jendetsuenetakoa izango da gaur gaueko herri mugimenduaren aldeko afaria. Anoetako eragileek antolatzen dute eta auzolanean 450 pertsonarentzako afaria prestatu dute aurten. Mozorro eguna ere bada gaurkoa eta aitzakiarik ez da izango, beraz, festarako. Igandera arte jarraituko du egitarauak, hamaika ekitaldirekin. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!