Aurtengo Anoetako festetan herritarrei ekarpen ahalik eta handiena egiteko eta festa batzordeak egiten duen eskaintza zabaltzeko elkartu dira Sare, Matraka talde feminista, Anoetako Gazte Asanbalda, Sortu, Ernai eta GKS. Otsailetik ari dira balore batzuen inguruko egitaraua osatzen. «Euskara, feminismoa eta elkartasuna ardatz izango ditugu eta auzolana oinarri hartuta antolatu ditugu ekimen ezberdinak», esan dute eragileen ordezkariek.
Festak antolatzeko jende asko behar dela aipatu dute eragileen mahaian biltzen direnek eta hilabeteotako bileretan hamar bat laguneko taldeak parte hartu duela aipatu dute. «Kalkulatzen dugu herriko jaietan 170 lagunek egingo dute lan, orotara». Bereziki nabarmendu dute ekainaren 8an egingo duten herri mugimenduaren aldeko afaria. 450 herritarrek eman dute izena afaltzeko eta 50 inguru ariko dira lanean. «Arrakasta handia du ekimenak eta aurreko astean 45 minututan saldu genituen afarirako txartel guztiak». Saiheskia egingo dute eta aukera begetarianoa ere izango da afarian.
Jendetsua izaten da, baita ere, Gazteen eguna Anoetan. Ekainaren 10ean, 100 gazte inguruk hartuko du parte eta arratsaldean kalez kale ibili ondoren, 23:00etan egingo dute dantza herriko plazan. Bestalde, iaz egin zuten kaxen jokoa errepikatuko dute aurten, ekainaren 9an, 19:00etatik aurrera, eta eragileetako ordezkariek aurreratu dutenez, berrikuntzekin etorriko da saioa.
Udalak antolatzen duen egitaraua osatzen, festa giroa luzatzen eta eskaintza aberasten saiatzen dira herriko eragileak egitarau alternatiboarekin. Musikari dagokionez, DJak eta musikariak gonbidatu dituzte, eta saiatu dira, besteak beste, genero irizpidea bermatzen. Elektropottotte, DJ Fantasia edota Pinpilinpussies taldeetako kideak emakumeak dira, adibidez.
Aipatutako kontzertuak txosnagunean izango dira. Aurten karparik ez da izango eta plazaren aldamenean eraiki duten estalpe berria erabiliko dute eragileek. Txosnetako bat jarriko dute bertan eta futbol zelaiaren aldetik itxiko dute gunea. «Plaza aldera, berriz, zabalik utziko dugu herritarrek beste edozertarako erabili nahi badute». Agertokia, berriz, frontoiaren ondoan jarriko dute. Beste bi txosna ere izango dira: bat elizaren atarian eta bestea iturriaren ondoan. Txosna horietako bi herritarrek auzolanean eraberritu eta egokitutakoak dira.
Ekainaren 7an, txupinazoaren ondoren egingo duten presoen aldeko brindisarekin emango diote hasiera euren egitarauari. «Hainbeste sufrimendu eragin duen sakabanaketa politikaren amaiera ospatuko, baino aldi berean euskal presoen eskubideak bete daitezen eskatuko dugu». Beraz, aldarrikapena, lana eta jaia uztartuko dituzte eragileek aurtengo Anoetako festetan.
ERAGILEEN EGITARAUA
- Ekainak 7, asteazkena
- 19:00. Brindisa.
- 00:30. Herriko DJak.
- Ekainak 8, osteguna
-
- 18:45. ElektroPottotte.
- 21:00. Herri mugimenduaren aldeko afaria.
- 00:00. DJ Fantasia.
-
- Ekainak 9, ostirala
-
-
- 19:00. Kaxaren jokoa.
- 01:30. DJ Naza.
-
-
- Ekainak 10, larunbata
-
- 18:00. Gazteeen kalejira.
- 23:00. Gazteen dantza herriko plazan.
- 01:00. Pinpilinpussies.
Gune eroso eta segurua izango da txosnagunea
Iaz Anoetako Udalak herriko mugimendu feministarekin batera, festetako eraso matxisten aurkako protokoloa osatu zuen. Aurten ere indarrean egongo da. Bitarte honetan sortu den Adi eta So mahaiak festetan koordinatuta jarraituko du erasoren bat gertatzen bada nola erantzun adosteko. Bide batez, 688 612 100 telefonoa festetako egun guztietan martxan egongo da eraso bat salatu nahi duenarentzat. Festetan kartelak jarriko dituzte herrian zenbakia gogoraraziz.
Protokoloak zehazten du nola jokatu eraso baten aurrean. Mugimendu feministako kideak herriko tabernetatik pasa dira egunotan, ostalariei eman beharreko pausoak gogoratzeko. «Guztion ardura da erasoak sahiesten laguntzea eta erasoak gertatzen badira haiei erantzutea», esan dute . «Erasotzaileak txosnagunetik kanporatuko ditugu eta gune eroso eta segurua izango da guztiontzat».