Elkarrizketa

«Anoetari bizia eman nahi diogu; hemen bizi eta hemendik bizi nahi dugu»

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 5a, 07:59

Iñigo Estanga Zubillagari (Donostia, 1983) hainbeste denboran amestu eta landutako proiektua martxan jartzeko ordua iritsi zaio. Aurreko irailaren 20an zabaldu zituen ateak Irakin espazioak. Elikadura, osasuna eta sormena ditu ardatz.

Zer moduzko hasiera eman diozue proiektuari?

Luzaro egon gara zain eta gogo askorekin gaude, egunerokotasunean aurretik dugun ilusio hori azaldu nahi dugu. Proiektua jendeari helarazi nahi diogu eta sendotu hemendik aurrera. Gure helburuak azaldu dizkiogu gerturatu den jendeari, pixkana, kokatzen joan daitezen eta bidea gurekin batera egin dezaten.

Azaldu iezaguzu nola dagoen antolatuta kiroldegi aldameneko espazioa?

Kiroldegiaren izkina batean gaude, ikastola parean. Sukalde bat jarri dugu janaria prestatu eta ontziratzeko eta gero prestatutako hori merkaturatzeko denda txiki bat daukagu. Gure filosofiarekin bat datozen beste produktu batzuk ere jartzen ditugu salgai eta kafea ere ematen dugu.

Jendearen bistan egin nahi duzue lan.

Bai. Leiho zabalak ditugu. Hasieratik argi geneukan lanerako ahalik eta erosoena izan behar zuela espazioak eta, aldi berean, kanpotik begira dagoenarentzako ere ikusgarria behar zuela izan, sukalde garbi eta txukun bat ikusi behar zuela lanean ari ginen bitartean.

Ikastolaren aldamenean zaudete. Bertako umeekin lan egiteko asmorik baduzue?

Bai, eskola orduz kanpoko ikastaroak jarriko ditugu martxan urritik aurrera. Izena eman duten umeak taldeka sailkatuko ditugu eta ziurrenik lau talde osatuko dira. 30 ume inguruk eman dute izena eta Anoeta bezalako herri batean hainbeste ume apuntatzea arrakasta handia dela uste dut.

Zein harreman egin duzu ekoizleekin? Zein izango dira zuen hornitzaileak?

Proiektua aurkeztu genuenean ardatz bezala jarri genuen gertutasunarena. Bertakoa eta garaian garaiko elikagaiekin egin nahi genuen lan, proiektua jasangarria izan dadin osasunarentzat eta baita ingurumenarentzat ere. Saiatu gara ekoizle txikiak erakartzen eta erosleei irisgarri diren prezio duin batzuetan elikagaiak saltzen, kontuan hartuta zein garai bizi ditugun.

Zeintzuk dira eskainiko dituzuen zerbitzuak?

Dendan beira-arasa horizontala jarri dugu eta bertan saiatzen gara egunerokotasunean jan daitezkeen gauza arruntak ematen. Iradokizun batzuk proposatuko ditugu eta batez ere jendeari galdetuko diogu zer gustatuko litzaiokeen bertan topatzea. Asteburuetarako iradokizun batzuk ere egingo ditugu arbela batean, jendeak nahi badu eskaerak egin ditzan. Jendeak dituen beharrei erantzuten saiatuko gara. Horrekin batera, Irakin markarekin merkaturatzen ditugun prestatutako jaki batzuk ere eskaintzen ditugu alde batera jarritako erakusleihoetan. Bi bide horiek mantentzen saiatuko gara.

Lehenengo egun hauetan zein plater prestatu dituzue, adibidez?

Saiatzen gara eguneroko plater xumeak prestatzen: porrusalda, dilistak, babarrun zuriak... Barazkiz betetako kurruskari batzuk, bexamelaz beteriko krepeak, bakailao ajoarrieroa, txerri masailak, kroketak... Ahalik eta aukera gehien ematen ahaleginduko gara eta jendeak esan dezala zer nahiago duen. Hasi berriak gara eta joango gara pixkana eskaintza egokitzen.

Bertan prestatutako jakien banaketa egiteko asmorik baduzue?

Pandemia garaian proiektua martxan jarri genuenean, kontsumo talde txiki bat osatu genuen eta taldeko kideei prestatutako janaria eramaten hasi ginen. Horrekin aurrera jarraitzen dugu. Astean behin ateratzen gara gure produktuak banatzera. Ez dugu baztertzen zerbitzu hori oraindik ere gehiago zabaltzea.

Zer nolako lan taldea osatu duzue Irakin proiektuan?

Ni sukaldean aritzen naiz eta nire bikotekidea, Miriam, dendan egoten da. Espazioaz eta administrazioaz arduratzen da. Nire arreba Amaia, berriz, komunikazioaz eta irudiaz. Gertukoen laguntzarekin moldatzen gara oraingoz, baina proiektuak martxa ona hartzen badu herriko beste norbait trebatu eta kontratatu nahi genuke. Gu Anoetan bizi gara, gure umeak bertako ikastolara datoz eta guk bizimodua hemen egin nahi dugu. Gure ametsa bete eta aldi berean herriari orain arte ez zegoen zerbitzu bat eman diezaiokegula uste dugu, beste zerbitzuekin osagarria izango dena. Anoetari bizia eman nahi diogu. Hemen bizi eta hemendik bizi nahi dugu.

Zein ordutegi izango du dendak?

Astelehenetik larunbata eguerdira arte zabaltzen dugu Irakin denda. 09:00etatik 20:00ak ingurura arte. Printzipioz ordutegi hori izango du. Ikusiko dugu gero zein fluxu dagoen eta egokitzen joango gara.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!