Anjel Mari Peñagarikanok Athleticen omenaldia jaso du

Ataria 2022ko otsailaren 21a

Bertso derbiaren barruan jaso du aipamena bertsolari anoetarrak.

Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak Athleticen omenaldia jaso zuen atzo Zornotzan, Bertso-derbiaren barruan. Klub zuri-gorriak urtero saritzen du gizarte edo kultura munduko pertsona bat Athletic Cluben balioak zabaltzen laguntzeagatik eta bertsolari bat saritzen duen lehenengo aldia da. Ezaguna da bertso munduan Anjel Mari Peñagarikanoren athleticzaletasuna eta bertsotan ere baliatu izan du alderdi hori.

Jose Angel Iribarrek Athleticeko atezain ohi mitikoak eman zion saria Peñagarikanori, Aitor Elizegi lehendakaria ere bertan zela. Omenaldiaren harira, Gipuzkoako txapeldun ohiak azpimarratu du azken 30 urteotan futbola eta euskara, eta baita bertsoa ere, elkarrengana asko hurbildu direla eta hori oso positibotzat jotzen du hori.

Bideoa Bertsoa.eus webgunean.

 

XVIII. Bertso-derbia

Futbola eta bertsoaren arteko harremanaren lekuko, XVIII. bertso-derbia izan zen atzo Zornotzan. Talde zuri-gorriaren ordezkari gisa, Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarra aritu ziren, azken hau, Athleticeko atezain izana harrobiko taldeetan. Realeko ordezkari, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Xabier Irakulis aritu zen gai-jartzen, Zornotzako bertso-eskolako kidea. Realeko eta Athleticeko fundazioek antolatzen dituzte bertso-derbiak eta jada tradizioa bihurtu da formatu hau, urtero bi saio eginez, gizonezkoen taldeko partidetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!