Auzo-konposta guneak berritu dituzte Anoetan

Ataria 2022ko urt. 26a, 18:30

Herriko 252 familiek egiten dute konposta eta horietatik %75ak auzo-konposta guneetan hartzen dute parte.

Anoetako Udalak herriko auzo-konposta guneak berritu ditu, eta guztira, 34.000 euroko inbertsioa egin du. Herriko konposta-guneak 2013. urtean jarri ziren martxan; orduan, egurrezko etxolak jarri ziren eta udal ordezkariek esan dutenez horietan oso kalitate oneko konposta lortu bada ere, egoera kaxkarrean zeudelako aldatu dituzte. Oraingoan, Vermican enpresaren plastiko birziklatuko konpostagailuak jarri dituzte.

Udalaren kalkuluen arabera, Anoetako 252 familiak egiten dute konposta. Horietatik %75ak herriko auzo-konposta guneetan hartzen du parte, eta beste %25ak landa eremuko bakarkako konpostagailuetan. Urtean 56.000 kilo inguru konpostatzen direla kalkulatu dute udal ordezkariek, beraz, herrian sortzen den organiko guztiaren %27 bertan geratzen da. Konposta organiko kilo horiek hondakinen tratamendu zentroan kudeatzeak 8.622 euroko gastua ekarriko lioke udalari.

Peio Estanga alkateak azaldu du udalarentzat garrantzitsua dela klima larrialdiaren garai hauetan trantsizio ekologikorako ekimenak bultzatzea: «Ekonomia zirkularraren eredu argienetakoa dugu herriko konpostaren proiektua. Hondakin organikoak konpost bihurtzean lurraren ongarri bihurtzen dira eta herriko lorategiak ongarritzeko erabiltzen ditugu». Horrez gain, herriko zuhaitzak kimatzen direnean adar horiek txikitu eta konpostaren egituratzaile gisa erabiltzen dituztela ere aipatu du Estangak; eta behin konposta heltzen denean, lorategiak ongarritzeko erabiltzen dutela.

Aurrera begira

Datozen hilabeteetan ere proiektua indartzeko hainbat ekimen egitea aurreikusi dute, besteak beste, datozen urteetan herrian konpostatzen den organikoa zenbat ugaritu daitekeen aztertu eta sentsibilizazio ekintzak egingo dituzte.

Oraindik erabiltzailea ez den herritarren batek interesik izango balu, udaleko Ingurumen sailarekin jarri beharko luke harremanetan. Bertan azalduko dizkiote zein den herritar bakoitzari egokien datorkion konpostagunea eta zein diren jarraitu beharreko irizpideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!