Errotaldeako auzotarrekin bilduko da ostegunean udala

Ataria 2022ko urtarrilaren 18a

Aurreko asteko auzo-bilerako argazkia

Urtarrilaren 20an, 18:00etan, Anoetako udaletxeko bilkura aretoan egingo dute bilera.

Errotaldea auzoko herritarrekin irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren inguruan hitz egiteko bilduko da Anoetako Udala, ostegunean, 18:00etatik aurrera udaletxeko bilkura aretoan. Bieran bizilagunei xehetasunez azalduko zaie haien kaleetako irisgarritasun proiektuaren proposamena, eta behin ezaugarriak eta xehetasunak azalduta, herritarrek aukera izango dute iritziak, zalantzak zein ekarpenak aurkezteko.

Bilkuran izango dira, oraingoan ere, Pello Estanga alkatea, udal teknikariak, Aztikerreko langileak eta Endara enpresako langileak, zeinak lanen aurre-proiektua egin duten.

Parte hartzea, martxan

Osteguneko bilera parte hartze prozesuko bigarrena izango da; lehena joan den astean egin zuten Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako auzotarrekin. Lehen bilera hartan, guztira, 26 auzotar bildu ziren eta bildutakoek hainbat ekarpen eta iritzi elkarbanatu zituzten.

Estangak adierazi du gustura aritu zela auzotarren iritzia entzuten, eta pozgarria dela herritarrek horrelako bileretan parte hartzeko borondatea izatea: “Oso aberasgarria da proiektuak martxan jarri aurretik herritarrekin biltzea, aukera ematen baitu proiektu egokiagoak gauzatzeko”.  Auzo bakoitzarekin bina bilera egitea aurreikusten du udalak, eta dagoeneko jarri dute bigarren bilera Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako auzotarrekin: otsailaren 24an egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!