Hilekoa osasuntsu bizitzeko

Jon Miranda Labaien 2021ko abe. 10a, 11:59

Anoetan kanpaina bat abiatu du udalak: hilekorako produktu jasangarriak banatuko ditu herritarren artean. Erakusketa bat eta formakuntza tailerrak egingo dituzte datozen asteetan.

Anoetako Udalak hilekoa osasuntsu bizitzeko proiektua jarri du abian. Hilekorako produktuen inguruko lanketa egin dute udaleko Parekidetasun eta Ingurumen sailek, elkarlanean. Gizartean “itzalpean” dagoen gaia dela uste du Saioa Tolosa Zubelzu Anoetako Parekidetasun zinegotziak: “Gutxitan hitz egiten da jendaurrean emakumeok hilero bizi izaten dugun prozesuaz. Horregatik, gaia plazara atera nahi dugu kanpaina honen bidez, eta hilekoarentzako produktuek gure gorputzean, etxeko ekonomian eta ingurumenean dituzten ondorioez hitz egin”.

Aurretik, herriko gaztelekuan gaia lantzen aritu dira nerabe eta gazteak, Marigorri elkarteko kideek gidatuta. Udalak elkarteko kideak izan ditu bidelagun abenduaren 15etik urtarrilaren 14ra udal liburutegian ikusgai izango den erakusketa prestatzeko. Tere Soto Bermejo Anoetako Udaleko Kultura teknikariak azaldu duenez, erakusketak “modu ikusgarrian eta irudi bitartez” emango ditu ezagutzera gaiari buruzko hainbat arlo. “Erakusketa irisgarria izan zedin nahi genuen, adin eta jatorri ezberdineko pertsonentzat egokia”.

“Izugarriak” dira, Maddi Sarasola Eizmendi Anoetako Ingurumen teknikariak azaldu duenez, Marigorriren bitartez jakin berri dituzten datuak: “Munduan emakumeen %12k bakarrik eros ditzakete odola jasotzeko produktuak, eta, gerturago etorrita, Espainiako Estatuan egindako inkesta baten arabera, %11,6k komuneko papera erabiltzen dute odola jasotzeko, eta %4,3k, pixoihalak”.

Menstruazioarekin loturiko pobrezia ekarri du mahai gainera Sarasolak, eta Ingurumen teknikari gisa gaineratu du “handia” dela hilekorako produktuek uzten duten arrastoa. “Kalkulatuta daukate pertsona bakoitzak urtean sei kilo hondakin sortzen dituela tanpoi eta konpresekin bakarrik. Eta ez da sortzen den hondakin kopurua bakarrik; produktu horiek sortzeko prozesuei begiratuko bagenie?”, galdetu du Sarasolak. “Toxikoak diren material sintetikoak erabiltzen dituzte maiz gure gorputzarekin etengabe kontaktuan dauden produktuak egiteko”. Bartzelonan egin duten ikerketa bat ere aipatu du Ingurumen teknikariak kalteaz mintzo dela: “Tanpoietako eta behin erabiltzeko konpresetako dioxinek lotura dute endometriosi kasuekin”.

Gizarteko “inpaktua”

Ingurumenean, osasunean eta ekonomian hilekoaren odola jasotzeko produktuek duten inpaktua ikusita, alternatibak badaudela erakutsi nahi dute Anoetan. “Garrantzia eman nahi diogu intimitatean eta ia tabu gisa tratatzen den gaiari, eta hilekoa duten gorputzetan daukaten eraginetik harago, gizartean duen inpaktua ikusarazi nahi dugu. Neurri batean, denoi eragiten digu gai horrek”, esan du Tolosak. Herritarrei formazioa emateko hiru saio antolatu ditu Anoetako Udalak, eta Gaztelekuko erabiltzaileei bideratuko diete horietako bat. Lanketa osatzeko, udal liburutegirako hilekoarekin zerikusia duten liburuak erosi dituzte.

Zeharkakotasunez landu dute gaia udalean, eta sail bakoitzak egin nahi izan du ekarpena. “Herriko komun publikoak berritu zituztenean, kopak garbitzeko mangera bat jarri genuen komunontziaren aldamenean”, esan du Tolosak. Bidea abiatu dute Anoetan eta beste herri batzuetarako eredu izatea espero dute. “Prest gaude gure esperientzia partekatzeko”, gaineratu du Parekidetasun zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!