Kulturarik gabe ez gara

Hedabide honetan azken iritzi artikulua idatzi nuenetik pasa dira bi hilabete. Bi hilabete hauetan aldaketa ugari eman dira, eta pixkanaka-pixkanaka aurreko «normaltasunera» bueltatzeko urratsak eman ditugu. LABI desagertu da, eta gobernuek koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko hartu dituzten neurri murriztaile gehienak ere bertan behera gelditu dira.

Hortik egun gutxitara ospatu genuen Euskal Jaia Anoetan. Egun osoko festa izan genuen euskal naziotasuna, kultura eta ingurumena aldarrikatzeko. Pozgarria izen zen herrian goiz-goizetik sortu zen giroa ikustea: bai ekoizleek, herritarrek zein bisitariek gogoz hartu genuen eguna, eta ederra izan zen pasa den urtean ikusi gabeko ekoizleen irribarreak ikustea, gertu sentitzea, beren berri izatea.

Polita izan zen arratsaldean plaza bete herritar ikustea ere, aspaldi bere txokotik mugitu gabeko txosnaren ertzean trago bat hartzea, eskuak elkarlotu eta Herria (sinbolikoki noski) elkarrekin dantzan ikustea.

Pandemia garaian edozein ekitaldi edo ekimen antolatzen aritu denak badaki zein buruhauste eragin duen legeak zioena betetzeak. Ez hori bakarrik; hainbat eta hainbat gizarte eragileek, elkarteek, gaztetxeek... beren jarduna murriztu edo gelditu behar izan dute, eta horrek stand by-ean utzi ditu kultur ekitaldi asko eta asko, eta ondorioz, baita hainbat sortzaileren jarduna eta bizitza bera ere.

Euskal Herriak kulturgune txikiz osatutako sare ederra du, izan areto txiki, gune autogestionatu edo gaztetxe, euskal kulturari eta kulturgileei arnasa ematen dietenak. Hainbat hilabetez gune horietako agertokiak hutsik izan dira, bertako argiak itzalita, behartutako isiltasun baten menpe, eta horietako batzuk baita indarrez hutsaraziak eta eraitsiak ere. Euskararentzat, euskal kulturarentzat eta euskaldunentzat ezinbesteko plaza diren hainbat ekitaldik ere bertan gelditu behar izan zuten pandemiaren ondorioz, baina pixkanaka-pixkanaka martxan dira; Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako, Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari txapelketen garaia da, eta dagoeneko iragarri dute datorren urtean ospatuko dela Euskal Herrikoa. Segituan izango da Durangoko Azoka ere, eta ondoren etorriko dira neguko solstizioko jaiak, inauteriak... eta beste asko.

"Baionan, Bilbon edo Iruñean, jarrai dezagun elkartzen, komunitatea eraikitzen, konspiratzen, dantzatzen, oihukatzen, abesten, eta mundua aldatzen jarraitzen. [...] baita Anoetan, Itsasun eta Iturenen ere"


Behin entzun nion bati komunitatea elkartzen duten ekintzak oso garrantzitsuak direla komunitate baten biziraupenerako. Baionan, Bilbon edo Iruñean, jarrai dezagun elkartzen, komunitatea eraikitzen, konspiratzen, dantzatzen, oihukatzen, abesten, eta mundua aldatzen jarraitzen. Maialen Lujanbiok behin abestu zuen bezala, euskaratik eta euskaraz. Baina ez Baionan, Bilbon eta Iruñean bakarrik, baita Anoetan, Itsasun eta Iturenen ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!