Deskonexioa

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2021ko ira. 17a, 20:58

Aitortu behar dizuet gogorra egin zaidala ikasturte hasiera. Kapitalismoan bizirauteko ezinbesteko dugun erritmoa gelditu, eta «deskonektatzeko» garaia izan dira udako oporrak niretzat. Hondartza. Mendia. Irakurketa. Deskonexioa, azken batean.

Hilabete batez itzali dut telebista. Isildu irratia. Desinstalatu sare sozialak. Eta gozatu dut nire liburuen konpainiaz. Bertako pertsonaiez, historiez eta istorioez. Lokartu eta ametsetan aritzearen pareko. Disfrutatu dut naturaz, hondartzaz, lagunez. Zenbat gauza kentzen digun eguneroko erritmo frenetikoak, ezta?

Ikasturte berriko iratzargailuarekin batera hasi naiz berriak irakurtzen. Egiazki, ez dira inoiz desagertu. Neure burutik desagerrarazi ditut «deskonektatzeko». Hitz magiko hori. Horrek lasaiago bizitzeko bidea emango balit bezala. Ezagutzen ez denak ez omen du minik ematen. Ez omen dugu ikusten. Ez omen dugu sentitzen. Begiak itxi eta kito.

Irailarekin haserretzeak, ordea, ez du balio. Ez da abuztua edo uztaila baino gaiztoagoa. Leku desagokia tokatu zaio kapitalismoaren zirkuluaren barruan.

Baina irailarekin batera irrati eta telebistak pizteko baimena eman diot neure buruari. Aktualitateari aurre egiteko prest omen. Eta espero bezala, hor jarraitzen dute zorigaiztoko titularrek eta albisteek. Eraso homofoboak Euskal Herri zabalean. Eraso sexistak han eta hemen. Beren lanpostuetan hildako langileen kopuruak gora eta gora. Talibanen gobernua Afganistanen, eta ondorioz, ehunka milaka errefuxiatu gehiago munduan. Milaka pertsona Mediterraneo itsasoan hilda. Ezin ahaztu Bidasoa ibaiaz. Euskaraz bizitzeko debekuak. Presoen giza eskubideak aldarrikatzeko mugak, trabak eta oztopoak. Errelatoaren bataila omen. Gaztetxeen utzarazteek etenik ez. Argindarraren prezioak gora. Espekulatzaileen arteko negozioak. Eta beraz, etxebizitza lortzeko zailtasunak. Gerrak. Goseteak. Krisiak. Amaierarik gabeko krisiak. Eta horrela, etenik gabe. Kapitalismoak ez baitu oporrik hartzen. Polizien kargak, atxiloketak, identifikatuak eta «botelloiak» han eta hemen. Suizidio tasaren handitzeaz, buru osasun arazoez eta prekarietateaz txintik ere ez.

Irailarekin haserretzeak, ordea, ez du balio. Ez da abuztua edo uztaila baino gaiztoagoa. Leku desegokia tokatu zaio kapitalismoaren zirkuluaren barruan. Zer egingo zaio. Beste ikasturte bat hasi da; beste borroka urte bati ekiteko garaia da. Munstroa handiegia da etxean gelditzeko. Ikasturte borrokalari on denoi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!