'Ipuin txokoa' dinamika hasiko dute Anoetako liburutegian ere

Ataria 2021eko urriaren 14a

Hiru eta bost urte bitartekoek eta haien gurasoek gaur izango dute lehen saioa, 18:00etan, udal liburutegian.

Hiru eta zazpi urte bitarteko haurrei eta haien gurasoei begirako bina saio eskainiko ditu Miriam Mendoza ipuin kontalariak Anoetako udal liburutegian, Ipuin txokoa izeneko dinamikaren bidez. Gaur izango da lehen saioa, Haur Hezkuntzako haurrei zuzendutakoa, eta heldu batekin joan beharko dute. Saioa 18:00etan hasiko da.

Hiru eta bost urte dituzten haurrek bigarren saioa azaroaren 25ean izango dute, eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan daudenek, sei eta zazpi urtekoek, azaroaren 4an izango dute lehen saioa eta abenduaren 16an bigarrena. Saio guztiak ostegunetan izango dira, 18:00etatik aurrera.

Anoetako udal liburutegiak antolatutako dinamika da, eta esan dutenez bertaratzeko plazak mugatuak dira, beraz, izena eman beharko da aurrez liburutegian bertan edota liburutegi@anoeta.eus helbidera idatzita.

Saio horietan, haurrek ipuinak entzuteaz gain, gurasoek aukera izango dute seme-alabei ipuinak nola kontatu ikasteko. Horretan ahaleginduko da Miriam Mendoza kontalaria. Eta saioaren amaieran, saioan zehar kontatutako ipuinen liburu gida bana emango zaie gurasoei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!