Aranzadi zientzia elkartea 1994an hasi zen Anoetako Basagaingo Burdin Aroko herrixkan indusketak egiten. Ordutik, irailero hiru aste egiten ditu lanean boluntario talde batek, Xabier Peñalver arkeologoaren zuzendaritzapean. Aurten, irailaren 21era bitartean, hogei lagun arituko dira aztarnategian, goizean hasi eta iluntzera arte.
Burdin Aroaren inguruan azken urteetan egin diren aurkikuntzek Euskal Herriko isurialde atlantikoa Europaren maila berean kokatzeko balio izan dute. “Lehenengo arrastoak topatu genituen arte, pentsatzen zen Kantauriko isurialdean Burdin Aroko jendea kobazuloetan bizi zela. Argumentu nagusia zen mendialdean ezinezkoa zela aire zabalean bizitzea. Basagainen bezala beste hainbat herrixkatan egin ditugun aurkikuntzek kontrakoa frogatzen dute”, dio Peñalverrek.
1989. urte inguruan izan zuten Aranzadikoek Basagaingo herrixka izan zitekeenaren lehenengo albistea. Koldo Oriak egin zuen aurkikuntza, Anoetara bizitzera etorri berritan: “Inguruak ezagutzen nenbilen, eta harresi baten forma izan zezakeen zerbaitekin egin nuen topo. Konturatu nintzen, gainera, mendi kasko osoa inguratzen zuela harresiak”. Aranzadikoei abisua eman zien, eta haiek indusketa sakonago bat egin zuten. “Errotarri bat aurkitu zuten, eta hor hasi zen guztia”. Historia ikasitakoa da Oria, arkeologia espezialitatea egina, eta urteetan irakasle jardun du Tolosan. Behin erretiroa hartuta, boluntario aritzen da Basagainen.
Aurkikuntza garrantzitsuak
Oria ibaiaren ibarrean Burdin Aroko lau herrixka topatu dira: Buruntza Andoainen, Basagain Anoetan, Intxur Tolosa-Albizturren eta Murumendi Beasainen. Lau herriak, begi kolpe batean, bata bestearekin lotuta daude. Itsasoaren mailatik 295 metrora dago Basagain, eta 2,8 hektarea ditu. “Basagaindik Oriako ibar guztia kontrola zezaketen, baita Hernio azpiko ibar osoa ere”. Indusketaren zuzendariaren esanetan, ordea, burdinak eraman zituen garai hartako biztanleak Basagaingo gain horretara: “Indusketan ez dugu laberik topatu, baina, esate baterako, burdinaz egindako golde nabarra topatu genuen duela kanpaina batzuk”.
Gure aroaren aurreko milurteko epea da Burdin Aroa, eta bigarren zatian hasi zitzaion burdina brontzeari gaina hartzen. Karbono-14 bidezko datazioak egin dituzte Basagainen, eta herrixkan aktibitatea K.a. 300 urtean hasi eta K.o. lehenengo hamarkadetara bitartekoa izan zela frogatu dute.
Nekazaritza eta abeltzaintza izan zituzten jarduera nagusiak, eta herrixken arteko merkataritza ere bazegoela uste dute indusketako arduradunek. “Gune harresitua izateak ez du esan nahi hemen bizi zirenak bakartuta zeudenik edo beste gizataldeekin harremanik ez zutenik. Basagain landa eremuko herria zen, eta bertakoek bazuten harremana ingurukoekin eta baita urrunagokoekin ere”. Aurkitutako materialen artean, Europa erdialdetik etor daitekeen besoko bat topatu dute, beiraz eginiko bitxi bat.
Duela lau urte, beste bat
2017an beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuten Basagainen: Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri planoa izan daitekeena. Peñalverren esanetan, harlauza horretan irudikatzen dena herrixkaren zati baten oinplanoa izan daiteke. “Gure hipotesia da ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dagoela, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak daudela irudikatuta, beren artean ondo bereizita”.
Iazko abenduan dibulgaziorako liburu bat kaleratu zuten Aranzadiko kideek, eta Anoetan aurkeztu zuten. Urte bukaerarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean beste argitalpen bat egingo dutela aurreratu du Peñalverrek, zehatzagoa eta 300 marrazki, plano eta irudi baino gehiago dituena.
Aranzadi elkarteak egiten dituen indusketa lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Anoetako Udalaren laguntzarekin antolatzen dira. Duela lauzpabost urte inbertsio berri bat egin zuen udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Inguruko lurrak erosi zituen, interpretazio mahaiak, panelak eta eserlekuak jarri zituen, eta hara joateko bidea erakusteko seinaleak jarri zituen. “Paseo bat emanez joan, eta lehengoak nola bizi ziren irudika daiteke”, gaineratu du Oriak.