ELKARRIZKETA

«Arazoei irtenbideak bilatzeko erreminta gisa erabiltzen dut diseinua»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 11a, 07:58
Julen Iztueta diseinatzaile anoetarra, Vilanova i la Geltruko bere estudioan. ATARIA

Hiriburu bateko bizimoduak eta testuinguruak erakarrita, Bilbora eta Bartzelonara joan zen ikasketak burutzera Julen Iztueta Olaizola sortzaile eta diseinatzaile grafikoa. Beti aritu izan da sortzen, baina bereziki, azken urte eta erdian gozatu du, irakasle modura lan egin bitartean, collage teknikan aurkitu baitu arnasa eta erosotasuna.

Batxilergo artistikoko ikasketak Beasainen egin ondoren, Bilbon hasi eta Bartzelonan amaitu zituen Arte Ederren unibertsitate ikasketak Julen Iztueta Olaizola (Anoeta, 1987) sortzaileak. Gaur egun, Vilanova i la Geltrun (Katalunia) bizi da, eta estudio txiki batean lan egiten du diseinatzaile modura. Une honetan, collage teknikan trebatzeko erabiltzen du duen denbora librea.

Nola gogoratzen dituzu unibertsitateko urte haiek?

Estatu mailako beka bati esker (Seneca) joan nintzen Bartzelonara, eta ikasketen azken urtea egin nuen bertan. Beranduago master bat egin nuen, arte hezkuntza eta kultura bisualari buruzkoa. Esperientzia oso aberasgarria izan zen. Ikasketei esker, hiri handiagoetara bizitzera joan eta lagun berriak egiteko aukera izan nuen. Gogo handia nuen, eta ikaragarri areagotu zitzaidan lehendik nuen ezagutza apurra.

Argi zenuen diseinatzaile grafiko izan nahi zenuela?

Ez. Arte ederretako ikasketetako tituluak ez zuen bide bat edo beste zehazten. Diseinuaren inguruko ikasgai asko nituen, baita pintura, argazkilaritza edota hezkuntzari lotutakoak ere. Hortaz, ahalik eta gauza gehien probatzea erabaki nuen.

Betidanik izan duzu gustuko diseinua, edo nerabezaroan esperimentatu zenuen zerbait izan zen?

Ez nuen oso garbi zer nuen gustuko. Esperientzia lortzea zen helburu nagusiena; gero, hainbat teknikatan aritzeak sormenerako nuen ezagutza eta aberastasuna areagotu zizkidala ohartu nintzen.

Gogoan duzu egin zenuen lehen lana edo zirriborroa?

Haurra nintzenetik beti sortzen, marrazten eta margotzen aritu izan naiz; gerora ere, hala jarraitu dut, maiztasun handiagoarekin. Hala ere, ez dut gogoan zein izan zen fundamentuz egin nuen lehen lana.

Autonomo modura lan egiteaz gain, irakaslea zara TecnoCampus (Pompeu Fabra) unibertsitatean.

Hezkuntzarako plataformak diseinatzen dituen enpresa batean ari naiz lanean. Duela hiru urte, tipografiaren inguruko masterclass bat egiteko aukera eskaini zidaten unibertsitatean, eta horrela suertatu zen, urtebete beranduago, ikasgai hori osorik irakasteko aukera. Geroztik, lan horretan dihardut unibertsitatean.

Azken urte eta erdian bereziki irudiak sortzen aritu zarela irakurri dut. Nolako urte eta erdia izan da?

Irakasle modura lanean aritzeaz gain, betidanik aritu izan naiz ilustrazioak egiten, paraleloki. Ez da pandemiaren ondorioetako bat izan. Halako batean, nahigabe edo, collageak egitera igaro nintzen, mundu horretan murgilduz. Bat-batean suertatu zen, eta azken urte eta erdian izan da hain justu, baina nik ideia hau buruan nenbilkien, lehendik ere, beti gorde izan ditudalako aldizkariak.

Zer dela eta collage-a?

Nahiko ipurterrea naiz. Beti ibiltzen naiz gauza berriak probatzen, eta beraz, inoiz ez dut batere garbi izaten zein motatako diseinuak egin nahi ditudan, ezta zein teknika landu nahi dudan ere. Hala ere, ilustrazio berriak egiteko inspirazio iturri bat behar nuelako ekin nion collage-ari. Aldizkarietako orriak hausten eta gauza berriak sortzen hasi nintzen, eta pixkanaka, lortzen nituen emaitzak oso interesgarriak zirela ohartu nintzen. Badirudi, asmatu dudala.

Oso eroso sentitzen naiz teknika honekin, eta oso interesgarria iruditzen zait, batez ere, irudiz erabat inguratuta bizi garen testuinguru honetan. Albisteak edo bestelako testuak irakurtzen ditugunean, norberak bere erara ulertzen ditu; nik ere antzeko lana egiten dut. Inguratzen gaituzten irudiak hartu eta irakurketa propioa egiten dut. Ondorioz, nire barnean sortzen diren nahasketa berriak izaten dira obren emaitzak.

Nolakoa izaten da zure sormen prozesua? Nola aritzen zara lanean?

Aldizkari asko erosten ditut, eta ia egunero, horiek hausten eta aztertzen aritzen naiz. Gorputz motak, posturak, koloreak… Behin hautsi eta aztertu ondoren, puska guztiak nahasten ditut, gorputz berriak sortu arte. Ezberdinak izan daitezen saiatzen naiz, lortutako emaitzak aberasgarriagoak izateko.

Giles Lipovetzky, Joan Fontcuberta edo Guy Deborden idatziak uztartzen dituzula diozu. Zertan laguntzen dizute haien lanek?

Fontcubertak post-argazkilaritzaren inguruan egiten dituen hausnarketak eta dituen iritziak oso interesgarriak iruditzen zaizkit, gaur egungo kultura bisualean gertatzen den guztiaz jabetzeko. Maskulinitatearen inguruan eta genero ikuspegiaren inguruan hausnarketa ezberdinak egiteko ere balio izaten dit. Masterra egin nuenetik, irakurketa horiek egitea gustuko izan dut, horrek kutsatzen baitu nire sormena, nik kontatu nahi dudana aberasten duelako. Hala ere, nire lanetan influentzia horiek agertu ez daitezen saiatzen naiz.

Bestelako egileen collage-ak ere beti dira interesgarriak. Instagram bitartez argazkilariekin hitz egiteko aukera izaten dudanez, nigana heltzen diren egile ezberdinen lanak aztertzen saiatzen naiz, eta oso gustuko dut sortzaile ezberdinekin iritziak trukatzea.

Baduzu beste erakusketa bat muntatzeko ideia berririk buruan?

Hanburgoko proiektuak gauza asko mugitu ditu nigan, eta beraz, badut nire lanak Euskal Herriro gerturatzeko gogoa. Bestetik, Hanburgon egon nintzenean, hiru hilabeteko egonaldi bat egiteko proposamena jaso nuen, eta laster itzuliko naiz bertara.

Zein ezaugarri behar ditu diseinatzaile grafiko batek?

Arazoak aztertzeko tresna da diseinua. Askotan, arazoei irtenbideak bilatzeko erreminta gisa erabiltzen dut, eta horretarako teknika ezberdinak erabili daitezke. Hala ere, esfortzu handia eskatzen du, arazoa nondik datorren aztertzeko edota nork duen aztertzeko; beraz, enpatia lantzea oso garrantzitsua da. Diseinuarekin, arazo horri irtenbide bat aurkituko diogu, baina arazo hori ulertzen denbora eta tresna onak erabiltzea ezinbestekoa da, emango diogun irtenbide hori onena izan dadin.

 

 

MOTZEAN

Egin duzun azken obra?

El Pais egunkariaren Semanal aldizkarian, Samuel gazteari gertatutakoaren inguruan, zenbaki berezi bat egin zuten, eta bertan agertzen ziren argazkiekin osatu ditudan collageak.

Collage gustukoena?

Damien Blottiereren lanak oso gustuko ditut.

Anoeta, Hanburgo edo Bartzelona?

Ez nuke jakingo aukeratzen, eta beraz, ez nuke bat aukeratuko.

Zure erakusketa bat jartzeko lekuren bat?

Anoetako kaleetan.

Liburu bat?

Aurten erosi dudan Collage de mujeres, Rebeka Elizegirena. Emakumezko sortzaileen lanak erakusten ditu eta oso interesgarria da.

Sortzaile izan ez bazina...

Ez nintzateke existituko.

Erlazionatuak

Herrian marraztetik, artearen hiriburura

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 ira 11 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!