ERREPORTAJEA

Herrian marraztetik, artearen hiriburura

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 11a, 07:57
Julen Iztueta sortzaile anoetarra, Hanburgon, bere collage-ak horman itsatsita daudela. ATARIA

Galerie 21 arte-galeriaren eskutik, Art Off Hamburg kultur ekitaldien barnean, abuztuan, Julen Iztueta sortzaile anoetarraren Ispilu hutsak bilduma jarri zuten ikusgai Hanburgoko kaleetan. «Gatazkan dauden pertsonaiak» aurkezten dituzten collage bihurtutako 50 kartel dira.

Badira euren lanak ezkutuan gordetzea nahiago izaten duten artistak. Beste askok, ordea, gustuko dute publiko zabalak duen iritziaren berri izatea. Sare sozialak erreminta baliagarriak izan ohi dira, lagun berriak egiteko ez ezik, baita era guztietako lanen hedapenerako ere. Azken urteetan, gainera, egindako harremanetatik abiatuta, hamaika proiektu berri sortu izan dira, batez ere, sortzaile askorentzat.

Halako zerbait gertatu zitzaion duela gutxi Julen Iztueta diseinatzaile grafiko anoetarrari. Instagram sare soziala baliatzen du berak, sortutako lan ia guztiak bere jarraitzaileekin partekatzeko. Halaber, munduko toki ezberdinetako argazkilari ugari ezagutzeko aukera ere izan du efektu fotografikoak ikur nagusi dituen sare sozialaren bitartez. «Ezagututako argazkilari horietako bat Hanburgokoa da, eta Galerie 21 izeneko arte-galerian lan egiten du. Halako batean, nik Instagramen egindako argitalpen bateko irudiak ikusi zituela eta, Art Off Hamburg kultur ekitaldietan parte hartzea proposatu zidan», gogoratzen du. «Berehala eman nion baiezkoa».

Artea, musika, dantza eta literatura uztartu eta sorkuntza ezberdinak kalera ateratzea helburu duen kultur egitasmoa da Hanburgokoa. Arte-espazio independenteen elkarteak antolatzen du, eta aurten, abuztuaren 13tik 21era bitarte luzatu zen. Iztuetak Ispilu hutsak izeneko erakusketa jarri zuen ikusgai. Collage teknika erabiliz, 50 diseinu ezberdin osatu zituen, eta ondoren, kartel bilakatu, Alemaniako hiriko kaleetan itsatsi ahal izateko. Guztira, 200 kartel ezarri ziren hormetan, collage bakoitzetik launa, A2 eta A1 tamainetan. Ofizialki, erakusketak abuztuaren 21era bitarte irauten bazuen ere, Iztuetaren hainbat kartelek luzaroan iraun zuten itsatsita, Art Off Hamburg ekitaldia iraileko lehen astera bitarte luzatu zelako.

Hanburgotarren feedback-a

Anoetarrak, noski, ez zuen bertan egoteko aukera galdu nahi izan, eta bere lanek ordurako sei egun kalean itsatsita zeramatzatela heldu zen Hanburgora. Hala, bertatik bertara izan zuen bere bildumak izandako harreraren berri. «Esperientzia oso aberasgarria izan da. Hasieran, bertara joateko aukerarik izango ez nuela pentsatzen nuen. Azken unean, ordea, nire begiekin ikusi ahal izan nuen erakusketa, eta lau egun igaro nituen bertan. Heldu nintzenerako, irudi gehienak ondo mantentzen ziren, baina baziren bestelako materialekin nahastutakoak, puskatutakoak edota ezkutatutakoak. Hori oso interesgarria izan zen niretzat», aitortu du.

Hanburgon bertan, bere erakusketaren inguruan gertatutako guztia dokumentatzen saiatu zen. Kultur ekitaldietan parte hartu zuten sortzaile gehiago ere ezagutu ahal izan dituela adierazi du Iztuetak. «Nire erakusketa bertan jartzera animatu ninduen argazkilaria ere aurrez aurre ikusteko aukera izan dut, eta hiru egun igaro ditut berarekin. Gau batean, soberan geratutako kartel gehiago itsastea proposatu zidan, eta hala egin genuen. Interesgarria izan zen, une horretan ondotik igaro eta interesa azaltzen zuten herritarrekin hitz egiteko aukera izan genuelako, elkarren artean ezagutzak eta iritziak partekatu ahal izan genituelako. Hala ere, ez nintzen guztiz eroso sentitu, bonbardaketa moduko bat izan zelako», aitortu du.

Kaleko trataeraren xarma

Iztuetarentzat lehen esperientzia izan da; lehen aldiz ikusgai jarri ditu bere hainbat lan. Non, eta Hanburgoko kaleetan. «Oso interesgarria izan da nire lehen erakusketa kalean izatea. Ekitaldi honek artea kalera ateratzea du helburu, baita herritarrek kulturarekiko duten interesa berreskuratzea ere. Proposamena jaso nuenean, aukera ezin hobea iruditu zitzaidan nire lana herritar horiengana gerturatzeko».

Izan ere, horrelako proposamen bat jasotzea, bere obrak galeria batean aurkezteko aukera izatea baino interesgarriagoa iruditzen zaiola nabarmendu du Iztuetak. «Galeria batean, adibidez, bertako obrak ikustera espresuki joaten da publikoa. Gehienetan, artearekiko benetako interesa izaten dute, eta ikuskatzen dituzten lan horiekiko ikuspuntu bat izan dezakete».

Bestalde, anoetarrak gustuko du kalean dagoen materialarekiko herritarrok dugun errespetu falta. «Kalean ez da galerietan izaten den distantziarik, eta nekez topatuko duzu norbait obra bati luzaroan begira. Askotan, kartelen ondotik igaro eta agian ez gara ohartu ere egiten hor itsatsita daudela. Hanburgon esaterako, nire kartelen gainean jarrita zeuden herritarrak ikusi nituen, eta horrek gertutasuna transmititu zidan».

Lehen esperientzia modura, oso interesgarria izan bada ere, halakorik berriz egingo balu, beste modu batera egingo lukeela esan du. «Batez ere, Hanburgo bezalako testuinguru batean, gehiago ezagutzen dudan hiria delako. Kartelekiko kultura handia duen hiria da, baina berriz halako zerbait egin beharko banu, kalean dauden kartel horiekin lan egiten saiatuko nintzake, eta ez lehendik egindako lanak gero bertan itsatsiz», nabarmendu du.

Errealitate propioari lotutako irudiak

Arestian esan bezala, collage motatako obrekin osatutako erakusketa da Ispilu hutsak. «Egunerokotasuneko irudiak hartu, itzuli bat eman eta egunerokotasun horretara beste modu batera itzultzea bilatu dut. Sortzaile modura dudan ikuspuntua islatu nahi izan dut, ikusleek gorputz puskatu eta berrosatu horien atzean zer dagoen ulertu dezaten. Ispilura begira geratzen garen bakoitzean, ikusten ditugun hutsune horiek irudietara eramaten saiatu naiz», azaldu du.

Unibertsitateko urteetatik, sorkuntza erabili izan du Iztuetak bere identitatearen eraikuntzari buruz pentsatu eta aztertzeko, baita horri buruz irakurtzeko ere. «Genero ikuspuntuak eta maskulinitateari buruzko irakurketak oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Horregatik, gorputz horiekiko obsesioaren eta identitatearen edo sortze horren inguruan, hausnarketa hau egin nahi izan dut. Aipatutako pentsamendu horrekin sortzen ibiltzen naiz, eta ondorioz, sortzen ditudan lan ia guztietan islatzen dira nire identitatearen eraikuntzari buruzko pentsamenduak. Helburua ez da nire lanetan niri buruz hitz egitea. Nik sortzen dudan hori ez baita niri buruz, nigandik sortutako zerbait baizik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!