"Produktu freskoa nahi duen jende asko dago orain"

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 28a, 19:59

Baserritik saioko ikasturte honetako azken protagonistak Maria Teresa Jauregi eta Jexux Artola anoetarrak dira. Bizitza oso bat daramate lurrari lotuta, eta beraien ogibidea baratzea dute. Kanpo librekoaz gain, lau negutegi ere badituzte. Egun, Tolosako azokan baino ez dute jartzen postua larunbatetan.

Anoetako Mendigibel baserrian bizi dira Maria Teresa Jauregi eta Jexux Artola. Baratzean lan eginez atera dute beraien familia aurrera, eta ohiko baratzeaz gain lau negutegi ere badituzte.

 

Bizitza osoa daramate lurrari lotuta, eta berrogei urtetik gora daramatzate azokan postua jartzen. Ordizian, Andoainen eta Tolosan jarri izan zuten postua, eta Andoainen astean bi aldiz gainera. Egun, ordea, Tolosako azokan baino ez dute jartzen beraien postua.

 

Hasieran, batik bat, letxuga, lekak eta azak ziren saltzen zituztenak. Gaur egun, barazki askoz ere gehiago landatu behar izaten dituzte.

 

Asko aldatu dela azoka adierazi dute, eta batik bat Tolosan jende gazte asko joaten dela erosketak egitera kontatu dute. “Orain baino jende gazte gutxiago joaten ziren garaiak izan ziren”, dio Jauregik. “Produktu freskoa nahi duen jende asko dago orain”, gaineratzen du. Artolak, “Tolosan beti ondo saldu izan dugu”, azpimarratzen du.

 

Azokara joan aurretik aldiz, lan asko egin beharra dagoela azpimarratu dute. “Lan ordu asko, eta egunero begiratu behar diezu, batik bat, negutegiko barazkiei”. Larunbatean azokara joan ahal izateko, barazkiak aurretik bildu behar dira, eta ezin da azken unerako utzi. Bi egunetik behin edo piperrak edo lekak bildu egin behar izaten direla diote: “Txikiak bildu behar dira, eta hutsik egin gabe astean bi egunetan”.

 

Lanik gehiena udaberrian izaten dute. Landatu egin behar dira barazkiak, eta jarraian baita bildu ere.

Ganadu pixka bat ere badute, dituzten zelaiak garbi mantendu ahal izateko, baina ez dute hain gustuko lana hori, eta belarretan aritzea ez zaiela gustatzen aitortu dute. Adinean aurrera joanagatik lanari beldurrik ez diote, baina “gazteak errazago egiten du, eta gogoa jarriz gero gainera, gure aldean doble lan egiten dute”, argitzen du Jauregik.

 

Txaponak neguan baino gehiago biltzen dituzte orain, eta gehiena produktu mimatuekin irabazten dutela kontatu dute.

 

Azokan moduan, denetariko jendea dagoela esan dute, baina orokorrean baloratzen dutela egiten dute lana. “Jende oso txar asko dago, baina jende on asko dago”, dio Artolak. Baratzetik bizi nahi duen gazteren bat baldin bada, Artolak argi du animatu egingo lukeela. Baina era berean, txikitatik edo ohitu beharra dagoela ikusten du. Eta Jauregik gaineratu du, "hemen zortzi ordu pasata ez daukazu ezer". Lan gogortzat dute ogibidea.

 

Barazkirik eta lanik ez zaiela falta izan adierazi dute, baina bizitzeko lain atera dutela baratzetik ere nabarmendu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!