Kaixo, Txistuleitor jauna (VII)

Urkullu lehendakaria 'Bizi Berri III' aurkezteko garaian. IREKIA

Zer moduz zabiltza? Gure artean sekreturik egon ez dadin, esan behar dizut asko haserretu ninduela zu El Kluni españolen etxean ikusteak. Baina, barkatuta zaude, badakidalako zeharo lanpetuta ibili zarela Bizi Berri IIIren aurkezpen-birarekin. 

Telebistan ikusi zintudanean, uste nuen zure hitzaldi luze horietako bat zela, baina aitatxok kontatu zidan zure azken pelikula aurkezten ari zinela. Bizi Berri III superprodukzio bat omen da, Euskadi salbatzeko plan magiko eta miragarri baten istorio zirraragarria. Sekulakoa izango da! Ez nekien Euskadiko zuzendariaz gain, zinema zuzendaria zinenik!

Esan bezala, hasieran sutan jarri nintzen zu Espainiako zuzendariaren etxean ikusi zintudanean, azken gutunean Madrilera joateko baimena eskatu bainizun. Une batean pentsatu nuen ez zenuela nire gutunik irakurtzen, eta Lixueri eta niri ezer esan gabe joateak min eman zigun. Baina orain, ulertzen dut zergatik joan zinen El Kluni españolen etxera inori ezer esan gabe, ez zenuelako jakiterik nahi zure azken pelikularen protagonista bera zela. Kluniz gain, nor agertzen da? Txinako emakumea, gaiztorena egiten? Ala Santurtxiko soinujolea? Aspaldian ez dut ikusi, baina zure bikotekideari, gorriz janzten den emakume altuari paper ona eman beharko zenion, jakina. Eta Madrilera joan bazara, Isabel la Bonita bezain Tontita eta Madrilgo MariMotots ere aterako dira, ezta? Ai ene, irrikan nago ikusteko!
 
‘Bizi Berri III’ superprodukzioa, Euskadi salbatzeko plan magiko eta miragarri baten istorio zirraragarria da. Ez nekien Euskadiko  zuzendariaz gain, zinema zuzendaria zinenik!
 
Dena den, pentsatzen dut orain zinema onenetan estreinatuko duzula, baina badakizu nire herriko zinemara noiz iritsiko den? Bien bitartean, Bizi Berri I eta II gustura ikusiko nituzke, e. Kasualitatez, ez da HBOn egongo, ezta? Guk etxean badaukagu. Egia esan, ez naiz gogoratzen Bizi Berri I eta II noiz egin zenituen, baina DVDan ikusgai dago? Galdetuko dut eskolako liburutegian eskuragarri duten eta lortze ez badut, idatziko dizut berriro, konforme? 
 
Bizi Berri III ikusten dudanean, kontatuko dizut zer iruditu zaidan. Ez dakit Bizi Berri sagaren beste filmik egingo duzun, baina jakin ezazu antzerki-taldera joaten naizela, eta edozer emango nukeela Bizi Berri IVn ateratzearren, surf-eszena txiki bat bada ere.
 
Ziur nago oso arrakastatsua izango dela. Eta ez baldin bada ere, zuk horrela dela esan eta kito! Zure hitza inork ez du zalantzan ipiniko.
 
Tira, besterik ez, Txistuleitor jauna, zorte on pelikularekin!
 
Zaindu zaitez!
 
Agur!
 
Udane

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!