Koronabirusa

Kaixo, Txistuleitor jauna! (VI)

Zer moduz zaude? Aste honetan andereño Elixabetek gauza asko irakatsi dizkigu Ingurunean, elurrari buruz.  Bazenekien elurra urtzen denean ur bihurtzen dela? Eta ura hozten denean, izotza! Hasieran, ez nuen sinesten ez, baina orain, ari naiz gauzak ulertzen. Orain badakit zergatik ari den mundu osoa olatuez hitz egiten.

Zenbakiak esaten dituen gizona, ahots urratua duena, beti dabil olatuak gora, olatuak behera... Anaiak Don Ximon deitzen dio, eta esan zidan, surflaria dela. Horregatik, berak elur asko egitea nahi du, elurra urtu eta olatuak egon daitezen! Ulertzekoa da; Madrilen ez omen dute hondartzarik, eta, Espainiako zuzendariak bertatik ateratzea debekatzen badu, ezingo du surf egitera joan.  

Anaiak Don Ximon deitzen dio, eta esan zidan, surflaria dela. Horregatik, berak elur asko egitea nahi du, elurra urtu eta olatuak egon daitezen!

Esan nizun amak El Kluni español deitzen diola Espainiako zuzendariari, ezta?  Nik esan diot amatxori zuk El Kluni español ezagutzen duzula, eta horregatik mesede bat eskatu nahi dizut, Txistuleitor jauna:  utziko zenigukete, zuk eta El Kluni españolek Lixueri, Riyadhi eta niri Madrilera joaten? Surf egiten ikasi nahi dugu Don Ximonekin. Nire herrian ez zegoen nahikoa elurrik, eta ezin izan genuen surf egin.  Aitatxori behin eta berriz eskatu diot eta ezetz esaten dit beti, eta amak zuri idazteko esan dit.  Zuek baimena emanez gero, ziur nago utziko liguketela. Eta zaude lasai, zuk esandako orduan itzuliko gara eta. 

Zuen baimenarekin ez bada nahikoa, idatziko diot Madrilgo beste emakume horri. Madrilgo zuzendaria dela esan zidan aitatxok, nahiz eta ezkontzara doan amabitxia dirudien. Isabel la Bonita deitzen dio berak. Amak hori entzun orduko beti erantzuten dio “Bonita bezain tontita”.

Zuk, gainera, badakizu Lixue-k elurra esan nahi duela txineraz.  Egun gutxi barru, bere urtebetzea izango da, hamar urte beteko ditu,  eta surf-taula eskatuko die gurasoei! Nire lagunik onena denez, Madrilgo bidaia egin nahi diot opari.  Orain beti esaten dut Lixuetara joango garela, kar kar kar! Lixuek ez daki hau idatzi dizudanik, eta baimena ematen diguzuenean, pozez txoratzen ipiniko da.

Tira, besterik ez, orain informatika klasea daukagu. Madrilera joateko baimena nire eskolara bidal dezakezu, edo eskolako posta elektronikora.  Kontatuko dizut hurrengo gutunean Lixueren urtebetzearen nondik-norakoak. 

Zaindu zaitez, Txistuleitor jauna!

Agur!

Udane

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!