135 dei egingo ditu Anoetako Udalak herriko adinekoen berri jakiteko

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 16a, 14:30

Anoetako adinekoekin telefonoz harremanetan jartzen hasi da udala, haien egoera eta beharrak lehen eskutik ezagutzeko.

Joan den astean adinekoei telefono deiak egiten hasi ziren Anoetako Udaleko gizarte langileak. Herrian, guztira, 75 urte baino gehiago dituzten 135 pertsona daude eta horietatik heren bat bizi da bakarrik, 43 pertsona hain zuzen. COVID-19agatik sortutako egoeraren aurrean, pertsona horien beharrak ezagutzea du helburu martxan jarri den dinamikak.

Udalak hasieratik nabarmendu du gizarte-ongizate zerbitzuak indartzea dela haren helburuetako bat: joan den urtean teknikariaren laguntzailea kontratatu zuten eta aurten saileko teknikari lanpostua lanaldi osokoa izatera pasatzeko asmoa dute. Bide beretik, telefono deien xedea da herriko hirugarren adinekoen momentuko beharrak ezagutzea eta horien jarraipena egitea. Deiak jasotzen lehenak bakarrik bizi diren anoetarrak izango dira eta, jarraian, gainerakoak.

Herritarren egoeraren berri jakin ondoren, gabeziei konponbidea bilatzeko dinamika ezberdinak prestatuko dituela ere jakinarazi du udalak. Pello Estanga Anoetako alkateak zaintzaren beharra nabarmendu du: “Aurrerapauso bat eman behar dugu eta horretarako tresna praktikoak eskaini nahi dizkiegu herritarrei, egunerokotasunean dituzten beharrei erantzuteko. Egoera gogorra da, baina guztion artean aurrera egingo dugu”. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!