Zabor-tasaren igoera onartezina dela dio Anoetako EAJ-PNV-k

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 7a, 13:17

Anoetako Udaleko abenduko osoko bilkuran, 2021eko aurrekontu orokorra onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ-PNVren udal taldeak abstentziora jo zuen, ez zeudelako ados hainbat punturekin.

Zabor-tasaren %15eko igoera gehiegizkoa iruditzen zaie jeltzaleei, bigarren urtez jarraian igoko duelako udalak. "Joan den urtean jada igo zuten zabor-tasa, %14a etxebizitzentzat eta dendentzat, eta %28a enpresentzat. Orduan ere aurka agertu ginen, eta berriro ere igotzekotan, urtero %5a igotzea nahikoa zela adierazi genuen", dio Rafael Uribarren taldeko ordezkariak.

Covid-19ak sortutako ezohiko egoera ere gogora ekarri zuen Uribarrenek: "Kontuan izan behar da zein den herritarren egoera ekonomikoa eta soziala. Lehendik egoera berezian zeuden herritarrak bazeuden, azken hilabeteetan egoera ekonomiko larrian egon daitezke beste hainbat, langabezian geratzearen ondorioz edo beste arrazoiengatik".

EAJ-PNV udal taldea ulerkor azaltzen da EH Bilduren helburua zabor-bilketa zerbitzuak urtean sortzen duen 72.000 eurotik gorako defizita gutxitzea edo ezabatzea dela kontuan izanda. "Hala ere, bilketa-sistema berdiseinatzetik hasi beharko luke neurriak, gastua gutxitzen saiatuz, eta ez herritarrei eta enpresei urtero %15eko igoera aplikatuz".

Modesto-Enea etxea

Bestetik, Modesto-Enea etxea herriko ondasun izateko apustu sendoa ez egitea egozten diote oposizioari. "EAJ-PNV udal taldeak egindako proposamen batetik abiatu da Modesto-Enea etxea herriarengana gerturatzeko proiektua, etorkizunean zentro soziosanitario edo kultur etxe bihurtzeko. Herrian eta inguruan azken hamarkadatan izan duen protagonismoa kontuan hartuta, Anoetako memoria kolektiboan mantentzea eskatzen du. Era berean, asko duinduko litzateke etxea, aipatutako bi helburuetako bat lortuz gero".

Proiektuarekin bat egin, eta aurrekontuetan 5.000 euroko partida ireki du Anoetako Udalak. "Proiektuarekiko apustu serio bat irudikatzeko gutxiegi dela uste dugu", diote jeltzaleek. Hasierako pausuak emateko 20.000 euroko partida izatea eskatzen dute.

Aire libreko kirol-gunea eraikitzeko proiektua

Gaur egun Anoetako kiroldegiak barne hartzen duen kirol-eskaintzaren baitan, aire libreko kirol-gunea edo futbol-zelaia egitea ere proposatu zuen oposizioko alderdiak. "EH Bilduk guztiz deuseztatu zuen, ez zuelako beharrezkotzat jo, kirol eredu maskulinoen eredu izango zelako. Gero eta nesken kirol talde gehiago daude, eta ziur gaude horiek behar duten espazioa eta agerikotasuna eskaintzeko aukera galduko dela", diote.

Eskaera jakin bat ez badago ere, diotenez, aspalditik gauzatuta daude antzeko proiektuak Anoetaren gisako tamaina duten beste herri askotan. Antzuola, Alegia, Segura eta Idiazabal jartzen dituzte adibide modura, eta horregatik garbi ikusten dute eskari hori laster gauzatuko dela.

Kiroldegi atzean dagoen espazioa da, euren ustez, baldintza egokienak betetzen dituen eremua. "Kiroldegiko azpiegitura aprobetxatuz, kirol-eskaintza osagarria izango litzake. Horrez gain, ikastolako haur eta gaztetxoentzat kirol espazio garrantzitsu bat izan daiteke". 

Erlazionatuak

2021eko aurrekontua onartu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2020 abe 31 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!