2021eko aurrekontua onartu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 31a, 11:59

Anoetako Udalak 2.424.000 euroko aurrekontua izango du 2021ean. Abenduaren 28an egindako osoko bilkuran, aurrekontuarekin batera bi adierazpen instituzional ere onartu zituzten.

Abenduaren 28an osoko bilkura egin zuen Anoetako udalbatzak eta 2021eko aurrekontua onartu zuen. 2.424.000 euroko diru saila izango du udalak datorren urterako, iazkoaren oso antzekoa. EH Bilduko udal ordezkarien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzien abstentzioarekin eman zitzaion onarpena aurrekontuari.

Gizarte-ongizate zerbitzuak indartzen jarraitzeko asmoa agertu du Anoetako Udalak, "azken urteetan daraman ildo berari jarraituz". Besteak beste, bulego berria antolatu eta teknikariaren laguntzailea kontratatu dituzte aurreko urteetan. Orain, saileko teknikariaren lanaldia %20 igoko dute eta lanaldi osoko lanpostua izatera pasako da. "Sail honetan eskaintzen den zerbitzuaren garapenarekin jarraitzea ahalbidetuko dio udalari. Herritarren ongizatea eta bizi baldintzek arduratzen gaituzte eta udalaren bitartekoak ongi antolatuta ditugu beharrezko erantzunak emateko".

Lurralde departamendua osatua dute Anoetako Udalean eta Hirigintza, Landa Garapena eta Ingurumena sailak kokatu dituzte bertan. Iaz pertsonala egonkortu zuten departamenduan eta aurten ingurumenarekiko harremanean eta babesean urratsak ematen jarraitzeko asmoa agertu du udalak. Besteak beste, udal eraikinen kontsumoak aztertu eta sistematizatuko dituzte. Errekak eta ibaiak garbitzeko 2.000 euroko diru sail bat bideratuko da eta hondakinen bilketa gastuen igoerari aurre egiteko, aurrekontuak %10eko igoera izango du.

Parekidetasuna dagokionez, herritarren sentsibilizazioan eta bestelako ekimenen antolakuntza egin ahal izateko %80eko igoera egingo dute sail honetan, 12.000 euroko partida berri bat sortuz. "Emakume eta gizonen arteko parekidetasunean urratsak ematen jarraitzeko ardura hartua du udal honek aspalditik", esan dute udal ordezkariek.

Euskara, Kultura eta Gazteria sailetan iazko aurrekontua mantenduko da. Ohikoa duten moduan, diruz lagunduko ditu udalak euskara klaseak eta euskara sustatzeko ekimen zein elkarte ezberdinak. Kulturan ere ekitaldi eta ikastaro eskaintzari eutsiko zaio, eta gazteriari dagokionez, aurten sortu den Gaztelekuaren eskaintza mantenduko dute. "Azken urteetako apustua izan da, erabiltzaileen eskaerei erantzunez sortu da gaztelekua, gure herriko etorkizuna bizia izateko helburuarekin".

Anoetako Udalak 2021ean egin nahi dituen inbertsio ezberdinak zerrendatu ditu: Etxebizitza hutsak merkaturatzeko aukerak abiatzea; Herriko ondarea berreskuratzeko, Modestoenea eremua erosi eta babestea; Ateaga elkartearen eta Igerabide kalearen arteko pasealekua irekitzea; Kaleak garbitzeko ekortzaile elektriko bat erostea; Liburutegirako hainbat liburu erostea; Udaletxeko artxiboa egokitzea; Landa bideak konpondu, irisgarritasuna hobetu eta inbentariatzea; Eta udaletxeko teilatua konpontzea.

Instituzio adierazpenak

Abenduaren 28an egindako osoko bilkuran bi adierazpen onartu zituen udalak. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema, arreta-sare publiko antolatu gisa defendatzea eskatu zuen udalbatzak adierazpenetako batean, eta bestean, Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaioen udalentzako ez ohiko funtsa berezi gehigarri bat sortzea.

Bi adierazpenok EH Bilduko zinegotzien aldeko eta EAJkoen kontrako botoekin onartu ziren.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!