Plazako lanak aurten hasteko konpromisoa hartu du udalbatzak

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 12a, 11:57

Anoetako Udalak martxoaren 1an egindako osoko bilkuran onartu zuen 2020ko aurrekontua; Plazako irisgarritasuna hobetzeko eta estalpea egiteko lanak dira inbertsio nagusia.

Parte hartze prozesu baten ondorioz anoetarrek iaz erabaki zuten herriko plazan estalpea behar zutela. Non joango zen eta zein ezaugarri izango zituen ere zehaztu zuten prozesuan, baina lanak abiatu aurretik udala konturatu da irisgarritasuna bermatu behar duela ingurune horretan. Plazaren eta parkearen artean dagoen koska leuntzeko bi eskailera maila egingo dituzte eta erdian kokatuko dute estalpea. Irisgarritasuna hobetzeko lanek 300.000 euro inguruko kostua izango dute eta estalpea egitea berriz 140.000 euro inguru kostako da. Martxoaren 2an egindako osoko bilkuran, aho batez, plazako lanak aurten abiatzeko konpromisoa hartu zuten talde politiko guztiek.

2.400.000 euroko aurrekontua izango du Anoetako Udalak 2020an. EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin onartu zen hil hasierako bilkuran. Pello Estanga alkateak nabarmendu du hirigintza obretatik harago, pertsonetan egiten diren inbertsioak direla «benetako inbertsioak». Horregatik herrian zerbitzu beharra areagotu egin dela ikusita, udaletik «erantzun zintzo» bat eman nahi izan dutela azpimarratu du alkateak eta behar horri erantzuteko pertsonal gastuak «dezente» igo dituztela. Azkeneko bi urteetan 200.000 eurotan egin du gora gastuen atal honek.

«Kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko udal langileengan inbertitu beharra dago, epe luzerako apustu bat dela uste dugu», esan du Estangak. Anoetako Udalak gazteria zerbitzua abiatu zuen aurreko udazkenean, horretarako suspertzaile bat kontratatuta. Lehen sektoreaz eta ingurumen sailaz arduratzen den teknikariaren kontratuari ere eutsi egingo diote aurten eta hirigintza sailean aparejadoreari lan dedikazioa handitu egin diote, %68tik %100era. Norabide berean, gizarte zerbitzuak indartzeko erabakia hartu du udalak eta teknikariari lan jarduna %60tik %80ra igo zaio; sail horretan jardun erdiz administrari bat ere ariko da.

Estangak aurtengorako aurreikusten dituzten beste inbertsioak ere zerrendatu ditu: plaka fotovoltaikoak jarri zituzten iaz kiroldegian eta ikastolako argindarra hortik hornitzeko lotura egingo dute aurten; Bide batez, ikastolaren teilatua konpontzeko diru bat gorde dute aurrekontuan; Landa bideak konpontzeko asmoa ere badute, bereziki goi bailarara doan errepidearen zorua hondoratzen ari baita; Eta kaleak garbitzeko makina erosiko dute, «kaleak ugaritzen ari direlako eta modu horretara brigadako langileei lanak arinduko zaizkielako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!