Gazteen esanak hormara

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 23a, 11:59

Anoetako Herri Ikastolako DBHko hirugarren mailako ikasleak 'Bizikidetzarako horma irudiak' proiektuan aritu dira eta 8 irudi marraztu dituzte auditorioan

Mikelasagasti auditorioko albo batean dagoen paretan irudiak margotu dituzte Anoetako Herri Ikastolako DBHko hirugarren mailako ikasleek. Ikertze kultur elkarteak sustatu du proiektua Bizikidetzarako horma irudiak egitasmoaren barruan eta Anoetako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.

Zortzi irudi dira guztira eta guztiak dira 14-15 urteko gazteek erabakitakoak. Haietako batek hartu du hitza: «Gauza asko gertatu dira urte honetan eta gertakari horien bilduma egin nahi izan dugu». Askatasun osoa izan dute irudietarako gaiak aukeratzerakoan eta June Gerriko arte hezkuntzako irakaslearen esanetan, «oso esanguratsuak» dira gazteek errepresentatzeko aukeratu dituzten motiboak: «Baldin eta zein egoeratan dauden, nahi gabe ere, hori esatera joaten dira gazteak». Eskola jazarpena, basoetan izaten diren suteak, kutsadura, arrazakeria, bikote harremanak edota genero markarik gabeko janzkeraren aldeko aldarriak eraman dituzte horma irudira.

Eta baita hezkuntza sistemarekiko kritika ere: «Hemen kablez jositako burmuin bat pintatu dugu, ikasleona irudikatuz. Baina arreta jarriz gero ikusten da kableak zuzenean zakarrontziekin konektatuta daudela. Ikasleoi buruan sartzen zaigun zabor guztia erakutsi nahi izan dugu modu horretara».

HORMA IRUDIAK ELKARLANEAN

Bizikidetzarako horma irudiak proiektuak bere baitan helburu asko biltzen ditu: pareta bat eraldatu, txukundu eta apaintzea; gazteak elkarrekin elkarlanean aritzea; artista baten laguntzarekin horma irudi bat nola margotzen den ikastea; eta ondo pasatzea. Azkeneko helburu hori bete dela baieztatu dute gazteek, oro har, «ondo» pasa baitute prozesuak iraun duen asteetan.

Ikertze kultur elkarteko Arantxa Orbegozo, Eider Epelde eta Nerea Linazasorok lagundu diete gazteei prozesuan. Anoetako Herri Ikastolako DBHko 3. mailan ibiltzen diren 45 gazteak bildu zituzten Mikelasagasti auditorioan proiektuaren nondik norakoak azaldu eta lanketa abiatzeko. Irudi proposamenak bildu ondoren, paretean joango zen horma irudiaren bozetoa adostu zuten guztiek elkarrekin.

Dani Maiza Anoetako Herri Ikastolako DBHko koordinatzailea da eta ikasleek elkarlanerako erakutsi duten borondatean egin du azpimarra. «Hirugarren mailan bi talde ditugu eta biak lankidetzan jardun dute proiektua aurrera ateratzeko».

Pintzelak hartu eta margotzen jarri aurretik Arantxa Orbegozoren bisita jaso zuten gazteek ikasgelan eta interes handiarekin jarraitu zituzten haren azalpenak: «Kolorearen teoriaz aritu zitzaigun, irudiei bolumena emateko zer egin behar genuen azaldu zigun, saturazioaz, argitasunaz eta iluntasunaz eta kolorearen baloreaz azalpenak eman zizkigun», esan dute gazteek. Gerriko irakaslearen hitzetan azalpen hauek aldez aurretik jasotzea «ezinbestekoa» da, paretan lanean hasi aurretik.

PINTAKETA TALDEKA

Behin azalpen guztiak jasota, iluntze bat eta bi egun behar izan zituzten horma irudia pintatzeko. Arratsalde bat baliatu zuten proiektorearekin marrazki bakoitza perfilatzeko eta bi egun oso eman zituzten, ondoren, irudiak margotzen. «Ikasleak ez daude ohituta horrelako dimentsiotan margotzen, hartzen dute pintzela arkatza balitz bezala eta paretan jarduten dute paperean ariko balira bezala. Baina hasierako erreparoa kenduta izugarri gozatu dute», esan du ikastolako arte hezitzaileak.

Gerrikoren lana izan da ikasleen alboan egotea eta margotzen hasi zitezen haiei segurtasuna eskaintzea: «Okasio gutxi izaten dute ikasleek ikasgelatik kanpora horrelako gauzak egiteko eta aukera sortzen zaienean aprobetxatu egin behar dutela esaten diet. Iruditzen zait asko gozatu dutela eta ikusi dutela arlo honetan ari diren profesionalek zenbat lan egin behar izaten duten, bai aldez aurretik ideia pentsatzen, gero materiala prestatzen eta azkenik irudia bera margotzen».

Anoetako Udalak programa honen barruan horma irudi bat baino gehiago margotu ditu herrian, San Juan kalean edota hilerrian esate baterako. Kiroldegiko paretan dauden irudiak, adibidez, ikastolako ikasleekin elkarlanean pintatu zituzten duela bi urte. Aurten, Eusko Jaurlaritzak 2.800 euroko diru laguntza eman du proiektua garatzeko eta udalak beste 1.300 euro jarri ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!