Zirku tailerra eta liburu aurkezpena egingo dituzte Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 10a, 17:00

Xomorro elkartearen eskutik zirku ikastaroa egingo da urtarrileko larunbatetan, 16:30etik 18:30era. Izen emateak abenduaren 18a baino lehen egin beharko dira.

Anoetako Gazteria sailak antolatu du jolasa eta elkarlana uztartzen dituen eskaintza. "Zirkuaren bitartez norberaren gorputza, gaitasunak… ezagutzeko aukera dago eta baita erronka berriak sortzekoa ere. Gainera, edonork bere lekua topatzeko aukera zabala du; oreka, indarra, malgutasuna, teknika eta gorputz adierazpena bezalako kontzeptu ezberdinak nahasten baitira bertan".

Zirku ikastaroa urtarrilaren 9, 16, 23 eta 30ean eskainiko da, 16:30etik 18:30era eta segurtasun neurri guztiak bermatuko dira bertan. LHko hirugarren mailatik seigarren mailara bitartekoek parte hartu ahal izango dute.Gazte bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu ikastaroan parte hartzeko eta ohiko beherapenak egingo zaizkie familia ugariei eta diru sarrera baxuak dituzten familiei.

Lehen aldiz eskaintzen denez, tailerra hilabeteko proba gisa hartuko dute eta emaitzaren arabera elkarrekin aztertuko dute ikastaroa luzatu ala ez. Izen emateko udaleko webgunera jo daiteke, gazteria sailera edo bestela bide hauek erabili daitezke: 688 76 13 43 telefonoa edo gazteria@anoeta.eus helbidea. Abenduaren 18a da apuntatzeko azken eguna eta lehentasuna izango dute izena ematen duten lehen 15ek.

'Minan' liburuaren aurkezpena

Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek elkarrekin idatzi duten Minan liburuaren aurkezpena egingo da hilaren 18an, Mikelasagasti auditorioan 18:30etik aurrera.

Bertara joan ahal izateko gonbidapenak, abenduaren 14tik aurrera jaso ahal izango dira Anoetako udal liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!