Euskara Taldea aurkeztuko dute gaur, Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 3a, 11:57

Euskararen ezagutza altua bada ere, erabileran «herren» daude eta hori dela eta, egoerari buelta emateko asmoz sortu dute. Gaurko Euskararen Eguna baliatuko dute, aurkezpena egin eta herritarrei taldean parte hartzeko deia egiteko.

Anoetan Euskara Taldea sortu dute eta gaur aurkeztuko dute, 19:00etan, plazan. Amaia Urkolak azaldu duenez behar batetik abiatuta erabaki zuten taldea osatzea: «Herrian euskaren egoera nola ikusten dugun aztertzeko hainbat bilera egin ditugu eta gai honek kezkatzen gaituenez, elkartzen hasi ginen egoerari buelta emateko».

Euskara Taldea herritarrek osatuko dutela nabarmendu du Urkolak eta horregatik euren parte hartzea ezinbestekoa dela esan du. «Euskararen ezagutza oso altua da Anoetan, baina egia da erabileran herren gabiltzala. Emaitzek horrela diote; erabilera %60 ingurukoa da. Anoeta bezalako herri batean ezagutza horren altua izanda erabileran beherakada egoteak kezkatzen gaitu, eta gure ohituretan eragin behar dugula uste dugu, eta horretarako herritarren parte hartzea da ezinbestekoa», gaineratu du. 

Anoetan datorren urtean egingo dute kale neurketa berria eta argi dute orduan ikusiko dela zein norabidetan dauden, horregatik eragin nahi dute euskararen erabileran, Euskara Taldearen bidez. «Guk herrian egunerokoan nabaritzen duguna da elkarrizketak euskaraz hasten direla eta gero, gaztelerara jotzen dela, eta horrek kezkatzen gaitu. Euskara-gaztelera joko horretan gabiltza, eta gaztelerarako joera horrek irabazten du. Kale neurketan ateratako ondorio horiek, errealitatea dira, hori nabaritzen dugu kalean. Norberak konturatu behar du bakoitzak zein paper hartzen duen». 

Gaurko aurkezpenean ekitaldi bat egingo dutela azaldu du anoetarrak. «Ekitaldia xumea izango da eta pixka bat saiatu gara egungo egoera kontuan hartuta, elkar zaintzeko neurriak hartzen. Hasieran ikastolarekin eta Loatzo musika eskolarekin batera abestu eta dantzatuko dugu. Eta gerora taldea bera aurkeztuko dugu, taldea hor dagoela adierazi nahi dugu. Taldea osatu dugu, baina talde horren ibilbidea orain hasten dela eta taldea bera handitu behar dela adieraziko dugu». Taldea irekia dela nabarmendu du Urkolak eta herritar guztiei parte hartzeko gonbita luzatu die. Ekitaldia bukatzeko ariketa txiki bat egingo dutela aurreratu du ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!