Basagaini buruz idatzi dute

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 1a, 07:59

Anoetako Burdin Aroko herrixkan azken urteotan egin diren aurkikuntzak bilduz liburua argitaratu du Aranzadi zientzia elkarteak; herritarren artean egunotan banatuko dute

Anoetako Basagain mendian, hogei urte baino gehiagotan egindako indusketa arkeologikoetan, Burdin Aroko herrixka baten aztarnak eta bertan bizi izandako pertsonen eguneroko bizitzako objektuak aurkitu dituzte. Aranzadi zientzia elkarteak urteotako aurkikuntzak jasoz liburua argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Anoetako Udalaren laguntzaz. Urteotan indusketak zuzentzen aritu diren Xabier Peñalverrek eta Eloisa Uribarrik idatzi dute eta Mikel Errazkin anoetarrak egin dio liburuari sarrera. Ostiralean aurkeztu zuten argitalpena jendaurrean, Anoetako Mikelasagasti auditorioan.

Gizarte antropologoa da Errazkin eta Aranzadiko kide izandakoa. Aurkezpen ekitaldia Peñalverri eskerrak emateko baliatu zuen eta Basagaingo aztarnategiaren zuzendariaren bi ezaugarri nabarmendu zituen: «pasioa eta pertseberantzia». Zientzia elkarteko idazkari nagusi den Juantxo Agirre Mauleonek beste balio bat aitortu zion arkeologoari, «lanerako zehaztasuna».

URTEETAKO LANA

Beharrak begiak ernearazten dituela nabarmendu zuen Peñalverrek ostiraleko aurkezpenean: «Azidotasun handiagoa du lurrak hemen, Mediterraneoko isurialdean baino, eta beraz aztarna asko ia deseginda daude. Askotan hegoalderako lan egiten duten arkeologoek txantxetan esaten digute eurek baino material gehiago ateratzen dugula. Kontua da, gutxiago daukagunez zehaztasun handiagoarekin jardun behar izan dugula, handipen handiko lupa erabiliz»

1994an hasi ziren indusketa lan arkeologikoak Basagainen. Urte batzuk lehenago Koldo Oria herritarrak landaretzaren artetik irteten ziren erliebeak ikusita adierazitako susmoak egi bihurtu ziren gerora. Argitara atera ziren harresi sendoaren zati txikiak eta, haren babesean, bertan bizi izandakoek egindako lanabesen lehenengo aztarnak. Arkeologiako lizentziadunez eta ikaslez osatutako taldeek 25 urte eman dituzte indusketak egiten, irailero. «Aztarnategitik pasatu diren guztiak pertsona handiak dira eta oso eskertuta gaude haiekin», esan zuen Peñalverrek.

Urtetotan ikertu duten herrixka gotortuak Basagain mendiaren goiko aldea hartzen du, Oria ibaiaren ibilgutik 227 metrora. Burdin Aroko aldiei eta gure Aroaren lehenengo mendeei dagokion kokagunea dela pentsatzen dute adituek. Oria ibaiaren ibilguaren gainean estrategikoki kokatutako lau guneetako bat da, Murumendi (Beasain), Intxur (Albiztur-Tolosa) eta Buruntzarekin (Andoain) batera. «Basagaingo aztarnategiak mugarri bat ezartzen du Burdin Aroaren amaieran eta erromatarren presentziaren hasieran Euskal Herriko isurialde atlantikoko populaketari buruzko ezagutzan», aipatu zuen Peñalverrek.

LIBURUAREKIN BATERA PLANOA

Aranzadi zientzia elkarteak argitara eman duen liburuak Basagain herrixka eta haren testuingurua azaldu eta bertakoen bizimodua nolakoa izan zitekeen irudikatzen du. Aldi berean, berrikuntzak nola iritsi ziren eta bi mila urtez lurpean egon ondoren, herrixka argitara nola atera den azaltzen du. Liburuarekin batera, Burdin Aroko herrixkaren planoa ere jaso dute, Anoetatik bertara nola iritsi daitekeen esplikatuz.

Aurkezpen ekitaldian Lizardiren Asaba zaharren baratza poemari erreferentzia eginez, Errazkinek esan zuen herriko memoria lekuen artean «lehen ikusi gabeko zuhaitz berri bat» dela Basagaingo aztarnalekua. Hura ezagutzeko eta ezagutarazteko funtsezkotzat jo zuen aurkeztu berri den liburua, «haren gerizan, kukuak kukuka jarrai dezan». Mikelasagasti auditorioan izan zirenek ale bana jaso zuten opari eta herriko plazan ere banatu zuten liburua. Hemendik aurrera, etxean jasotako txartela aurkeztuta Basagain. Bi Aroren arteko herrixka argitalpenaren ale bat jaso ahal izango dute anoetarrek udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!