«Ez dago ezer idatzita, beraz lur azpian topatu behar ditugu erantzunak»

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 30a, 14:30

Poz handiarekin aurkeztu du liburua Anoetan, Juantxo Agirre Mauleon (Tolosa, 1965) Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusiak. Basagaingo herrixkak duen esangura nabarmendu du.

Zergatik erabaki duzue orain Basagaini buruzko liburua argitaratzea?

Uste dut 20 urte luzeko lanaren emaitza dela liburua. Hemen egon dira udararo 20-30 lagun auzolanean, lur azpian zer zegoen arakatzen. Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarri aritu dira urteotan arduradun moduan lanean eta haiek idatzi dute liburua.

Zein ezaugarri ditu argitalpen honek?

150 orriko liburua da, argazkiz, marrazkiz eta planoz beterik. Leiho ulergarri bat da Basagain mendi kaskoan zer dagoen jakiteko. Zabaltzen den mapa bat ere badakar eta Burdin Aroko herrixkara iristeko ibilbidea zehazten du.

Basagain ez da, ordea, eskualdean dagoen Burdin Aroko herrixka bakarra.

Ez. Tolosa eta Albiztur artean Aldabamendin Intxur izeneko herrixka dugu. Basagainen kasuan ez dago hain altu, Oria ibaiaren ibilgutik gertu xamar aurkitzen da. Hemen azaldu diren materialak oso gertukoak dira. Duela 2.000 edo 2.100 urtekoak, gutxi gorabehera. Erromatarrak ordurako penintsulan sartuta daude eta baliteke Euskal Herriaren hegoalderaino iritsi izana. Elementu batzuk erakusten dute hemengoek dagoeneko txanponak erabiltzen zituztela. Oso datu inportantea da. Arkeologoak lortu dute hori ateratzea testuinguru estratigrafiko batean. Txanpona erlazionatuta dago zeramikarekin, burdinezko lanabesekin, etxebizitza batekin, herrixkarekin...

Zergatik dira hain garrantzitsuak aurkikuntza hauek?

Askotan euskaldunok geure buruari galderak egiten dizkiogu kuriositate handiarekin: 'Gu hemen noiztik gaude? Euskara nondik dator?'. Ez dago ezer idatzita, hipotesiak izaten dira gehienetan. Beraz, lur azpian topatu behar ditugu erantzunak. Hori orain, zeren hemendik 50 urtera erantzunak izango ditugu eskuartean eta jakin ahal izango dugu erromatar klasiko horiek idatzi zutena egia den edo ez. Idatzita utzi zituzten lau lerro horiek zabalago kontatzeko moduan egongo gara.

Zein aurkikuntza nabarmenduko zenuke?

Asko daude eta horiek jaso ditugu liburuan. Indusketak urtero egin izan dituzte eta lan motela da, zehaztasun handiarekin egindakoa, baina horregatik aurkitu ahal izan dira aztarna txiki hauek, askotan bi zentimetro exkaxekoak. Xumeak baino aldi berean esanguratsuak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!