Gauzak aldatzen ari dira, dio berekiko. Oraindik, ordea, ez dio zentzu handiegirik hartzen bi muturreko joerak ditugula ikusteak: astebetean gau beltzaren inguruko teoria, pasadizo, elezahar eta ez dakit zer kontuz mintzo zaizkigu; ez dira gutxi astebururako beldurrezko pelikulak programatzen dituzten kateak; sare sozialetan zonbi eta kalabaza aurpegiak nazkatu arte ikus ditzakegu; eta aurten nobedade gisa lore ekoizleen ikuspegia ere izan dugu, pandemiaren debekuek gogor erasan duen beste sektoreetako bat. Horiek guztiak ez daude soberan, Anek badaki horrenbeste... Baina, nor mintzo da hildakoez urteko gainerako egunetan? Nork hitz egin nahi du ohiko tertulia batean heriotzari buruz? Nork galdetzen dizu kalean zer moduz daramazun dolua?
Aspaldi ohartu zen Ane deseroso sentiarazten gaituen oro saihesteko joera hartu genuela, eta modernitatearen garaiotan ere, ez garela kapaz hori aldatzeko. Aitona-amonekin akordatu da, hildakoak etxean agurtzen zituzten belaunaldi eskarmentatu hartaz. Seguru dago hainbeste gaubeila egindakoek naturalago hartzen zutela beste munduratze hori, eta ez zirela hainbeste itzulingururekin ibiltzen. Gogorragoak ziren, zailduagoak.
Agian ekarriko du zer edo zer onik pandemia deabru honek. Gehiegi hil baitira senitartekoen babesik gabe, naturalagoa izan zitekeena krudelago eginez.
Gu, berriz, hauskorragoak gara. Hauskorrago egin gaituzte, zuzendu du barneko ahotsa Anek. Baina kontuak aldatzen ari direla sinetsi nahi du. Baikortasun printza bat. Agian ekarriko du zer edo zer onik pandemia deabru honek. Gehiegi hil baitira senitartekoen babesik gabe, naturalagoa izan zitekeena krudelago eginez. Eta jende horrek babesa behar du. Behar du heriotzaz hitz egitea, behar du dolua. Baina ez isilekoa. Merezi dute hainbeste.