«Heriotza ulertzea zaila, eta era berean, aberatsa da»

Iñigo Terradillos 2020ko urr. 30a, 07:58

Bizitzaren eta heriotzaren arteko zubia izeneko tailerra emango du amezketarrak bihar; heriotza guztiak desberdinak direla, baina, dolua beti dela beharrezkoa dio, eta batzuetan ixtea zailagoa bada ere, ia beti lortu egiten dela.

Hildakoen egunaren harira, heriotza eta doluari buruzko tailerra eskainiko du Agurtzane Garmendiak bihar, Amezketako kultur etxean, 18:00etan. Heriotza gertuan bizitzea askotan egokitu zaio amezketarrari, eta dolua eramaten ikasi du, «heriotza bakoitzaren unea sentituz». Berak urteetan ikasitakoa herritarrekin elkarbanatuko du.

'Bizitzaren eta heriotzaren arteko zubia' izena du tailerrak. Zergatik izen hori?

Jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte bide batean goaz. Bide horrek zubi baten moduan hasiera eta bukaera bat du, eta heriotzaz soilik ez dugunez hitz egin behar, eta ondo hiltzeko ondo bizi behar dugunez, izenburu hori pentsatu nuen tailerrerako.

Tailerraren eguna ez da kasualitatea.

Hildakoen egunaren bezperan hitz egingo ditugun gauzak hitz eginda, pentsatzen dut eguna sentituta biziko dugula, hildakoek merezi dutelako. Nahiz eta fisikoki gurekin ez egon, gurekin sentituz egun eder bat pasa dezakegu.

Zergatik Agurtzane Garmendia doluari buruzko tailerra ematen?

Amezketan bizi naiz, eta bertan nahi nuen izatea nire lehen hitzalditxoa. Udalean proposatu nuen eta baiezkoa eman zidaten. Bestalde, bizitzan heriotza asko izan ditut oso gertu. Une desberdinetan bizi izan ditut, eta hainbeste bizitu ostean, heriotza bakoitzaren unea sentitzen hasi nintzen, alegia, zein zaila, eta era berean, zein aberatsa den heriotza ulertzen. Asko laguntzen dit honek, eta hori transmititu nahi dut.

Zergatik da beharrezkoa dolua?

Beharrezkoa da. Heriotza guztiak desberdinak dira. Batzuk bat-batekoak dira, eta beste batzuk gaixoaldi luze baten ondorio izan daitezke. Guztiek behar dute dolua, eta dolua ondo eramateko, heriotzaren aurreko prozesua ondo egin behar da. Begirada jarri behar duzun leku horretan jartzean datza. Hori egiten baduzu, dolurako lanaren erdia egina izango duzu. Heriotza bat-batekoa denean, ordea, desberdina. da. Niri ama oso gazte hil zitzaidan, eta bizitza erditik hautsi zitzaidan. Gaur egun beste era batera eramango nuke dolua. Oso garrantzitsua da ulertzen eta dolua eramaten lagunduko dizun taldetxo bat izatea. Doluak denbora behar du, fase desberdinak izaten baititu, haserrea, ukapena, tristura... Pixkana ateratzen zara. Baina, dolua ez baduzu ondo ixten, ezin duzu ondo sentitu. 

Dolua betiko izan al daiteke?

Hori bakoitzaren izaeraren arabera izaten da. Batzuk asko sentitu eta gutxi esatekoak izaten dira. Esan edo kontatzen duenari badakizu nola lagundu. Esaten ez duenari laguntzea, ordea, zaila da. Horietara iristeak, zaila den horri laguntzeak asko asebetetzen zaitu. «Ez zaude ondo, ezta?» bezalakoak esanda hasi gaitezke, edota ukitu bat emanda. Lehenago edo beranduago denak lehertzen dira, bakoitzak bere denbora behar du. Ia beti ixten dela dolua esango nuke. Egia da, heriotzaren araberakoa dela. Nire ustez, probatu ez dudan arren, seme edo alaba hiltzea izango da gogorrena. Baina, horiek ere denborarekin lortzen duzu dezente sendatzea. 

Dolua egiten badakigu edo erakutsi egin behar al digute?

Jakinda ez da inoiz jaiotzen. Hobe dagoenak okerrago dagoena lagundu behar du beti. Itxaroten jakitea da kontua, eta jakin behar dugu gaizki dagoenari esaten edozertarako hor izango gaituela. Nola eraman erakusten lagundu behar da, eta beti errespetuz.

Heriotzaz ez da gehiegi hitz egiten, eta haurrekin ekidin nahi izaten den gaia da, zergatik?

Ume bati heriotzaz hitz egitea ez da batere erraza, eta gehiago landu beharko genukeela iruditzen zait. Gurasoentzat hitzaldiak-eta antolatzen dituzte ikastetxeetan seme-alabekin gaiaz hitz egiten laguntzeko, baina, gainerakoan, ez da gehiegi egiten. Nire ustez, umeei erakutsi behar zaie bizi garenean maite eta ulertu behar dugula elkar asko. Pertsona batekin ondo bizi bazara, heriotza ere hobeto eramango duzula iruditzen zait.

Zer gertatzen da, esaterako bizi dugun egoerek bezalakoek bultzatuta, dolua behar bezala egiten ez denean?

Inoiz baino gehiago laguntza behar dugu hiltzeko unean. Heriotza salto moduko bat da, eta hori egiteko laguntza oso ondo datorkigu. Orain gutxira arte, hiltzen ari zenaren ondoan egon zintezkeen eskutik helduta. Gaur egun, gerta daiteke birusagatik ospitalean dagoenaren ondoan ezin egon izatea. Distantziak sufrimendua handitzen du. Egokitu zait gertu horrelako egoerak ikustea; hiltzea gogorra bada, era horretan hiltzea are eta gogorragoa da. Horrelako egoeretan beharrezkoa da norbere buruarekin indartsu egotea, eta salto hori ematera doanarekin komunikatzeko beste bide batzuk topatzea. 

Nori zuzendutako tailerra da?

Heriotza edo sendatzen ez diren gaixotasunak bizi dituztenak edo bizitu dituztenak, eta horiek nola eraman ikasi nahi dutenentzat interesgarria dela esango nuke. Tailerrean ez dut soilik heriotzaz hitz egingo, heriotzaren aurreko gauza askori buruz hitz egingo dugu. Gertukoa, polita eta goxoa izango da, eta interesa edo jakin-mina duen orori bertaratzeko gonbita luzatzen diot.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!