Herriko baserritar eta artisauen azoka ospatu dute Anoetan

Leyre Carrasco 2020ko urr. 11a, 13:34

Ostegunean eman zioten hasiera XIV. Euskal Jaiaren ekitaldiari, baina gaur ari dira egun handia ospatzen. Goizean Azoka Berezia izan da frontoiean, eta arratsaldean Arineketan dantza ikuskizuna izango da plazan.

Anoetan euskal nortasuna hauspotu, jakintza eta tradizioak ezagutarazi eta herriko baserritarrei plaza eskaintzeko eguna ospatzen ari dira. Hamahirugarren aldia da Anoetan Euskal Jaia antolatzen dutela eta bigarren urtetik gai bat hartzen dute urtero lantzeko, baina aurten ez da azoka ardaztuko duen gairik izan. 

Euskal Jaiak beti izan ditu bi oinarri, euskal kultura bultzatzea eta tokiko elikadura indartzea, eta bi sektore horiek bereziki kolpatuak izan dira pandemia honetan. Hori dela eta, ohikoa baino postu gutxiago izan dira aurten ospatu den azokan; 19 postu guztira. Ekimenak tokiko elikadura bultzatu eta indartzea helburu duenez, lehentasuna herriko eta eskualdeko ekoizleek izan dute. Besteak beste, Anoeta bertako Barrundi eta Sarobe baserrietako barazki eta esneki ekologikoak, Amezketako Eguzkileireren ogia eta gozoak eta Larteko gazta izan dira salgai. Anoetako Otero pilotagileak ere izan du bere postua, baita kosmetika naturala eta eztia ekoizten dituen Bidatz Sasiain tolosarrak ere. Lurraldetasunari ere begiratu nahi izan diotenez, Nafarroa, Behe Nafarroa eta Arabatik etorritakoak ere ikusi ahal izan dira azokan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!