Kultura eta tokiko elikadura indartzeko apustua egin dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 8a, 13:58

XIII. Euskal Jaia egingo dute Anoetan gaurtik igandera bitarte; kultura eta azokak seguruak direla aldarrikatuko dute antolatzaileek

Anoetan, urriaren 12aren bueltan urtero antolatzen duten azoka ez da edonolako azoka. Kulturarekin dago lotuta, jakintza eta transmisioarekin, eta nortasuna indartzearekin. Aurten ez da azoka ardaztuko duen gairik izango baina Euskal Jai batzordeko kideek uste dute edizio honek izango duela aldarrikapenetik. «Egitaraua prestatzea bera bada nahikoa aldarrikapen».

Euskal Jaiak beti izan ditu bi oinarri, euskal kultura bultzatzea eta tokiko elikadura indartzea, eta bi sektore horiek bereziki kolpatuak izan dira pandemia honetan. «Konfinamendu garaian, adibidez, azokak debekatzeko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak eta horrek mugimendu sozial nahikoa indartsua sortu zuen. Zorionez, oso zuzeneko salmenta egiten zuten baserritar askok beste sare batzuk muntatu dituzte eta ez dute azokarekiko hainbesteko dependentziarik. Baina hori ez da produktu guztiekin gertatzen. Artisau askok esan digute festa giroko azoketan burutzen dituztela soilik salmentak, eta orain ezer gabe geratu direla», adierazi dute antolatzaileek.

Ohikoa baino postu gutxiago izango dira igande goizean egingo den azokan: 19 izango dira guztira. Ekimenak tokiko elikadura bultzatu eta indartzea helburu duenez, lehentasuna herriko eta eskualdeko ekoizleek izango dute. Besteak beste, Anoeta bertako Barrundi eta Sarobe baserrietako barazki eta esneki ekologikoak izango dira eta Amezketako Eguzkileireren ogia eta gozoak eta Larteko gazta izango dira salgai. Anoetako Otero pilotagileak ere izango du bere postua eta baita kosmetika naturala eta eztia ekoizten dituen Bidatz Sasiain tolosarrak ere. Lurraldetasunari ere begiratu nahi izaten diotenez, Nafarroa, Behe Nafarroa eta Arabatik etorritakoak izango dira igandeko azokan.

GERTUKO AZOKA

Plazak ematen die neurria. Bertan kabitzen diren postuekin osatzen dute urtero azoka. «Goxoa eta gertukoa» izaten da antolatzaileen esanetan eta azpimarratu dute «folklorismotik» ihes egiten saiatzen direla. «Guri inporta zaigun eroslea herrian dagoena da, herrian eragiteko antolatzen dugu azoka. Anoetan bertan kontsumo aldaketak bultzatu nahi ditugu eta produktu horiek eskura daudela erakutsi nahi diegu herritarrei». Horretako, azken urteetan martxan jarritako ekimenarekin jarraituko dute aurten ere: herriko dendetan erosketak egiteagatik zozketa batean sartzeko aukera izaten dute herritarrek eta azoka egunean herritarren postuetan erosteko 15 euroko bonuak zozkatzen dituzte. «Erosle eta ekoizlearen arteko elkar ezagutza hori bultzatu nahi dugu, harreman berriak sortzea eta bertako baserritarrei erosteko ohitura horiek hartzea da helburua».

Jakina da COVID-19aren garaiotan ekitaldien antolakuntza zaildu egiten dela, batzordeko kideek badakite errazena, aurtengo Euskal Jaia bertan behera uztea izango zela. «Arduragatik» eutsi diote ordea. «Garai zailak bizi ditugu guztiok, eta baserritar eta artisauek ere bai. Hurrengo urtean, gauzak ondo bidean jaia antolatu nahi badugu, ezin ditugu aurten albo batera utzi».

Ezberdina izango da aurtengo Euskal Jaia eta antolatzaileek kezkaz ikusten dute gerta litekeena. «Guk deialdi zuzena egiten diogu jendeari erosteko gogoz etor dadin, ekoizleei babesa adierazi eta proiektuak indartzeko, baina azoka inguratzen duen jai giro hori gabe ez dakigu jendea gerturatuko ote den. Aurten ez da ez pintxorik, ez ardo dastaketarik, ez bazkaririk, ezta talo janik egongo».

Hala ere, batzordeko kideek uste dute beste modu batera baldin bada ere, testuinguru honetan kulturaz gozatzeko aukera egon badagoela. «Sektore hau ere kolpatua izan da eta aldarrikatu nahi dugu kultura segurua dela». Ahalik eta herritar gehienengana iristeko asmoz antolatu dituzte ekitaldiak, eta gaur, esate baterako, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ariko dira kiroldegian.

Kulturgileei euren sormen lana erakusteko plaza ere izan nahi du Euskal Jaiak. Horregatik, bihar, diskoa atera berri duen Raitx taldearen kontzertua izango da plazan, eta etzi, aurtengo festetan egin ez zen bertso saioa eskainiko dute kiroldegian. Bi ekitaldi hauetarako sarrerak momentuan bertan banatuko dira, edukiera bete bitartean.

Arduraz jokatu dute batzordeko kideek Euskal Jaia antolatzerako orduan eta arduraz jokatzeko deia luzatu diete gerturatzeko asmoa dutenei. «Hainbeste denbora daramagu debekuekin, galarazita zer dagoen esatea baino nahiago izan dugu elkar zaintzeko neurriak hartuko ditugula esatea. Hori buruan duela etorri dadila etorri behar duenak eta lagundu dezala dena ondo atera dadin». Igandean, 18:00etan hasiko den emanaldiarekin amaituko dute aurtengo edizio berezia. Iñar Sastrek eta Anne Jauregik parte hartzen duten Arineketan dantza eta musika ikuskizuna izango da Anoetan.

XIII. EUSKAL JAIA ANOETAN

Urriak 8, gaur

18:00. Pirritx, Porrotx eta Marimotots kiroldegian.

Urriak 9, ostirala

19:00. Raitx taldearen kontzertua plazan.

Urriak 10, larunbata

18:30. Bertso saioa kiroldegian: Andoni Egaña, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea: Maddi Sarasola.

Urriak 11, igandea

Euskal Jai eguna

10:00 - 14:00. Herriko baserritar eta artisauen azoka plazan, eguraldi txarrarekin frontoian.

18:00. Arineketan dantza ikuskizuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!