Urtaroak ardatz hartuta egingo dute aurtengo argazki lehiaketa

Ataria 2020ko urr. 8a, 13:51

Argazkiak aurkezteko epea urriaren 29an amaituko da eta Anoetan erroldatuta daudenek eta Anoetako Herri Ikastolako ikasleek parte hartu ahal izango dute, bakarka.

'Urtaroak' gaiaren inguruan atera beharko dira eta argazki bakoitzarekin batera  herriko esaera zahar bat, hitz joko bat edota errimatxo bat aurkeztu beharko da, argazkiarekin lotura duena. Anoetan ateratako argazkia izatea baloratuko dute epaimahaiko kideek.

Argazkiak formatu digitalean aurkeztuko dira, eta gutxieneko kalitatea izan beharko dute, beraiekin lan egin ahal izateko.

Argazkiekin batera informazio osagarri hau ere aurkeztu beharko da:

  • Argazki bakoitzari dagokion esaera zaharra, hitz jokoa edota errimatxoa.
  • Argazki bakoitza non atera den.
  • Egilearen izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa.

Hiru modutara aurkez daitezke argazkiak udaletxean: CDan, sobre baten barruan sartuta, informazio osagarriarekin batera; USBan, sobre baten barruan sartuta, informazio osagarriarekin batera (USBa itzuli egingo da); Edota posta elektronikoz, euskara@anoeta.eus helbidera bidalita, informazio osagarriarekin batera. Gehienez parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu.

Zortzi argazki sarituko dira eta sari bakoitza 50 eurokoa izango da. Epaimahai batek aurretiko aukeraketa egingo du, eta, ondoren, herritarrek izango dute horien artean gustukoenak hautatzeko aukera. Argazki sarituekin 2021ko egutegia osatuko da. Puntu gehien jaso dituen argazkiaren egileak datorren urtean epaimahaikide izateko aukera izango du. Udalak izango du azken hitza sarituko diren argazkiei dagokienean. Epaimahaiak aukeratutako argazkiak Abraham Olano kiroldegian eta www.anoeta.eus webgunean jarriko dira erakusgai, azaroaren 6tik 15era, herritarrek bozka dezaten.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!