"Geldiune hau baliatu behar dugu tren honetara herritar gehiago igotzeko"

Jon Miranda Labaien 2020ko uzt. 15a, 09:06

Itxaropentsu eta baikor agertu da Pello Estanga (Tolosa, 1962). Adostasunaren bidean, Anoetan aurrera pausoak emango dituztela uste du.

Zergatik erabaki duzue errefusa biltzeko edukiontziak kalean mantentzea?

Duela zazpi urte tren bat jarri genuen martxan, bere gorabehera eta oztopoekin, eta orain geldiune bat egitea tokatu zaigu. Kontziente gara geldiune hau baliatu behar dugula tren horretara herritar gehiago igotzeko. Gure helburua, azken batean, ez da gaikako bilketa sistema jakin bat. Emaitzak nahi ditugu, edo are gehiago esango nuke, herritarren kontzientzian eragin nahi genuke. Geroz eta herritar gehiago izan kontziente hondakinen gaiarekin, orduan eta errazago beteko dira gure helburuak.

Kontsentsua zabaldu duzue udal taldeen artean.

Bai. Pozten naiz EAJko udal taldea tren honetara igo delako. Haiek kontziente dira emaitza onak dauzkagula herrian eta sei hilabeteetan edukiontzi grisekin proba egin ondoren emaitzak ez badira lehengoak, konforme daude, berriz ere, errefusa atez ate biltzearekin. Herritarrei zabaldu nahi diegun mezua da, Anoetako Udala osatzen dugun bi alderdiok adostasun batera iritsi garela. Gai honek udalari alde batetik, baina norbanakoari ere eskatzen dizkio erantzukizunak.

Alarma egoerak iraun duen bitartean behera egin du birziklatze tasak Anoetan.

Bai. Ikusi besterik ez dago, 11-12 puntu jaitsi gara bi hilabetetan. Dena den, apirila eta maiatzako hilabeteak ez dira, akaso, esanguratsuenak, jendea berrogeialdian egon delako eta herritar batzuk sortu dituzten hondakinak, osasun arrazoiengatik, errefusara bota behar izan dituztelako. Esan dezagun, bi hilabete horietako datuak ez direla oso errealak. Horregatik proba bezala, abendura arte edukiontzi grisarekin jarraitzea erabaki dugu. Sentsibilizazio kanpainak egiten jarraituko dugu eta baikorra naiz. Lehen emaitza onak lortu baditugu, orain kontsentsua zabalduta eta EAJ adostasunera batuta, logikoa da pentsatzea emaitzak hobetu egingo ditugula. Hori da helburua.

Organikoa atez ate biltzen jarraituko duzue?

Bai, organikoa atez ate biltzen segitzen dugu. Bi aukera dauzkagu herrian: Alde batetik, hainbat konposta komunitario dauzkagu auzo guztietan jarrita eta edozein unetan bota daitezke hondakinak bertara; eta bestetik, organikoa ontzietan ateratzeko aukera dago. Ez dugu edukiontzi beharrik ikusten. Organikoaren kalitatea oso ona da Anoetan, inpropioak %2 baino gutxiago dira eta berdin gertatzen da Ikaztegietan edota Alegian. Bestelako herrietan ez da horrela gertatzen, kontenplatzen da edukiontzi horietan jasotako guztia organikoa balitz bezala, baina ez da horrela. Lehen esaten zen %5etik gorako inpropioa duen organikoa ez zutela konpostaje plantan jasoko. Eta hemen inguruko herri askotan, ehuneko horretatik gora dabiltza. Familia gehienek ondo botako dute, baina nahikoa da batzuk gaizki botatzea, ondo egin dutenena hondatzeko. Organikoa errefusa bihurtzen dute.

Herria garbiagoa dagoela sumatu duzue azken hilabeteetan?

Berrogeialdia hasi aurretik bazegoen herrian jendea poltsak lurrean uzten zituena. Brigadako langileentzako lan gehigarri bat zen poltsa horiek lurretik biltzea eta herritarrentzat ere kuxidade hori ikustea ez zen batere atsegina. Animaliak ibiltzen ziren gainera poltsa horien bueltan. Zertaz jabetu gara orain? Alarma egoerarekin batera, errefusarentzat edukiontziak jarri ditugunean, lurrean uzten ziren poltsa horiek desagertu egin direla, %90ean bai, behintzat. Kaleak garbiago daude. Begien bistatik desagertu da, baina edukiontzi grisean amaitu dute sailkatu gabeko hondakinek.

Poltsak edukiontzira botata, arazoari ezikusiarena egingo zaiola uste duzu?

Baliteke, baina arazoak hor darrai. Horregatik erabaki dugu edukiontziak zabalik uztea eguneko 24 ordutan. Alarma egoeran horrela jarri genituen jendea tapa ukitzen ez ibiltzeko. Baina gero bestalde, iruditzen zaigu modu horretara denen bistan geratzen dela arazoa. Ez dela ezkutatzen. Ez dugu ostrukarena egin behar. Hori hor dago. Batzuetan tripako mina eragingo digu, baina nahitaezkoa da kontziente izatea arazoa konpondu nahi badugu.

Orain arte Zizurkilen batera hartu dituzue hondakinen bilketaren inguruko erabakiak. Haiek atez atekora bueltatzea erabaki dute.

Zizurkilen ez da Anoetan bezala gertatu. Pausoa elkarrekin emateko asmoa genuen, baina Zizurkilen lurrean agertzen den poltsa kopurua ez da desagertu eta argumentu gutxi daukate edukiontziari eusteko. Han ere alderdi guztiak bat egin dute eta errefusa atez ate biltzera pasako dira.

Nolako emaitzak espero dituzu urte amaierarako?

Nahiago nuke emaitza onak lortuko bagenitu. Horrek esan nahiko luke, kontrolaren beharrik ez duela jendeak eta beren kabuz, kontzientziatuta, etxeetan hondakinak sailkatzen dituztela. Abendura arte ikusiko dugu zein datu ditugun. Iazko bataz besteko birziklatze tasa %74koa da eta hortik behera geratzen bagara berriro aldatuko dugu sistema. Orain artekoak datu oso onak dira, baina hobetzeko asko dago oraindik. Jarraipen bat egingo diogu gaiari eta hilero-hilero bilduko gara ingumen batzordean datuak aztertzeko. Etenaldi hau baliagarria bada jende gehiago kontziente egiteko, ongi etorria izan dadila. Karrera luzea da eta elkarrekin joateari garrantzi handia ematen diot. Itxaropena badut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!