Emakumeek elkarrekin hitz egiteko gune segurua sortuko dute Anoetan

Ataria 2020ko ekainaren 25a

Ekainaren 30ean, asteartea, 16:00etatik 18:00etara liburutegian izango da hitzordua. COVID-19a, itxialdia eta egoera nola bizi duten azaldu ahal izango dute emakumeek. Maskara eramatea beharrezkoa izango da eta haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute.

Osasun larrialdiaren ondorioz bizi izan den itxialdian zaintza lanen balioa eta pisua zenbatekoa den argira atera da, beste behin ere. Eta lan horien ardura, orokorrean, emakumeengan geratzen dela  ikusi da. Egoera honek, bestetik, aurrez ere egoera zaurgarrian zeuden emakumeen egoerak gogorragoak bilakatu ditu. Udaleko leihotik herrira izeneko ekimenaren barruan Sheila Melcon Lopez psikologoarekin egindako azkeneko elkarrizketan emakumeek bizi dituzten askotariko egoeren inguruan hitz egin zen, eta beste behin ere, emakumeek jokatzen duten papera bistaratu zen, etxeen eta gizartearen sostengu.

Osasun larrialditik irteten ari garenean, emakume askok bizi izandakoaz hitz egiteko beharra dute. Elkarrekin saretu eta elkar entzuteko gune bat sortu nahi dute Anoetako Udaletik. "Egoera gogor asko bizi izan ditugu emakumeok, eta psikologikoki ahultzeko arriskuaren aurrean, elkartu eta indartzeko unea iritsi da", esan dute udal ordezkariek. "Beraz, elkartu gaitezen eta hitzegin dezagun guretzat sortutako gune seguru batean".

Ekainaren 30ean, Anoetako udal liburutegian egingo dute zita Anoetako emakumeek eta kontu-kontari ariko dira, 16:00etatik 18:00etara. Haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko kultura@anoeta.eus helbidera mezu bat idatzi beharko da edo bestela WhatsAppez egin daiteke eskaera, ekainaren 29a baino lehen, 688 60 16 79 telefonoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!