Basoan kokatutako argazkiekin osatuko da hurrengo urteko egutegia

Ataria 2019ko urriaren 29a

Anoetako  Udalak beste urte betez, argazki lehiaketa jarri du martxan, 2020kko egutegia osatzeko. Lanak aurkezteko epea azaroaren 4an amaituko da.

Anoetan erroldatuta daudenek eta Anoetako Herri Ikastolako ikasleek parte hartu ahal izango dute, bakarka. Basoa izango da aurtengo gaia, argazki bakoitzarekin batera gure herriko esaera zahar bat, hitz joko bat edota errimatxo bat aurkeztu beharko da, argazkiarekin lotura duena. Anoetako basoetan ateratako argazkia izatea baloratuko da.

Hiru argazki aurkeztu beharko dira gehienez, eta formatu digitalean, gutxieneko kalitatearekin bidali beharko dira azaroaren 4a baino lehen.  Hiru modutara: CDan, gutun azal batean sartuta, informazio osagarriarekin batera; USBan, gutun azal baten barruan, informazio osagarriarekin batera; Edota posta elektronikoz, euskara@anoeta.eus helbidera bidalita, informazio osagarriarekin batera.

Zortzi argazki sarituko dira eta sari bakoitza 50 eurokoa izango da. Epaimahai batek aurretiko aukeraketa egingo du, eta ondoren, herritarrek izango dute horien artean gustukoenak hautatzeko aukera. Abraham Olano kiroldegian ikusgai izango dira, azaroaren 8tik 15era, eta baita www.anoeta.eus webgunean ere. Argazki sarituekin osatuko da hurrengo urteko egutegia, puntu gehien jaso dituen argazkiaren egileak datorren urtean epaimahaikide izateko aukera izango du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!