Argazki galeria

Euskaldunak asetzeko festa

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 13a, 17:13

Basoko jakiak hizpide hartuta, ostiralean hasi ziren XII. Euskal Jaiaren baitako ekitaldiak, baina gaur ari dira egun handia ospatzen.  Goizean Azoka Berezia izan da plazan, eta arratsaldean, I. Patxaran Lehiaketa jokatuko da frontoian.

Anoetan euskal nortasuna hauspotu, jakintza eta tradizioak ezagutarazi eta herriko baserritarrei plaza eskaintzeko eguna ospatzen ari dira. Hamabigarren aldia da Anoetan Euskal Jaia antolatzen dutela eta bigarren urtetik gai bat hartzen dute urtero lantzeko. Horrek lanketa berezia egiteko aukera eskaintzen die antolatzaileei eta urteroko ekimena ezberdin egiten du. Otsailean aukeratu zuten aurtengo Euskal Jaia basoko jangaien inguruan antolatzea. Gaur, esaterako, azokaren erdian jarri duten postua ezkurraren inguruan antolatu dute.

Baserritarren lana bistaratzeaz gainera, euskal nortasuna aldarrikatzeko helburua ere badu Euskal Jaiak. Antolatzaileek eskatu bezala, bisitari ugari bertaratu da baserritar jantziekin. Herriko Barrundi, Argindegi, Etxeberri eta Sarobe baserrietako produktu freskoak izan dira azokan, eta elikagai eta artisautza postu gehiago ere izan dira, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoak. Gainera, musikarik ere ez zen falta, eta Giro Arte dultzainero taldea izan da bertan, baita joaldunak ere.

Goiz osoan zehar egon dira azokako postuak zabalik. Pilotalekuan egin duten bazkariko menua ere berezia izan da: onddo nahaskia, basurde gisatua, arroza barazkiekin eta jogurta. Aurten, lehen aldiz, gainera, patxaran lehiaketa antolatu dute, iaztik eginda daukaten herritarren patxaranarekin. Bazkalondoan dastatu dituzte, eta oroigarri bat eman diote onenari; ikur hori urtero eskuz esku pasatzea da antolatzaileen asmoa.

Txikitik jaten jarraitzeko nahia

Eguerdian, Azoka zabaldu ondoren, ekitaldia izan da plazan. Txalapartariek deitu dituzte herritarrak, eta ondoren testu bat irakurri dute. "Gure historia hobeto ezagutzeko, kulturaz gozatzeko eta garena hobeto ulertzeko aitzakia izan ohi da lantzen den gaia. Zenbat aldatu diren gauzak mende batean! Batzuei arriskutsuegia irudituko zitzaien eta mugak jartzen hasi ziren nonahi. Jangaiak ekarriko ditugu munduko txoko guztietatik eta gero gerokoak".

"Guk txikitik ikusten dugu mundua, hizkuntza gutxitu batetik, bi estaturen menpeko herri batetik. Askatu nahi duen herri batean bizi gara eta halako baserri eta basoak imajinatzen ditugu: munduari jaten ematen diotenak beharrean, herriari jaten ematen diotenak. Baina gaurkoa ez da gaur bukatzen. Urte guztian zehar jarraitu nahi dugu euskaraz, Euskal Herrian, txikitik jaten, lurretik eta bertakotik, bertakoetatik".

Atzo, omenaldia

Iaz hil zen Anoetan, jaiotzez zaldibiarra zen Xalbador Garmendia euskaltzalea; atzo arratsaldean, Anoetako plazan egin zioten omenaldia. Zaldibia eta Anoetako herriek elkarlanean antolatu zuten ekitaldia, «bi herri hauetan urte luzez, eskuzabaltasun osoz, musika eta euskal kantua irakatsiz, herritarrak euskal kulturan heziz, elkarbizitzari ekarri dion aberastasunagatik». Atzoko omenaldian, dantza eta musika izan ziren, besteak beste. Zaldibiatik, gainera, jende ugari gerturatu zen, eta mukuru betea zegoen Anoetako plaza. Herritarrek ere babesa eskaini nahi izan zioten Garmendiari.

Nafarroako ttuntturroak, txalapartariak, Zaldibia eta Anoetako dantzariak, Tolosako Udaberri dantza taldekoak, abesbatzako kideak, txistulariak, Loatzo musika eskolako eta Anoetako Herri Ikastolako ikasleak izan ziren festa handian. Tartean, Paulo Iztueta Berastegiko idazleak eman zituen Garmendiaren biografiaren zertzelada batzuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!