Xalbador Garmendiari gorazarre

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 11a, 19:59

Iaz hil zen Anoetan, jaiotzez zaldibiarra zen euskaltzalea; bihar 18:00etan, Anoetako plazan egingo diote omenaldia

Zaldibia eta Anoetako herriek elkarlanean antolatu dute ekitaldia, «bi herri hauetan urte luzez, eskuzabaltasun osoz, musika eta euskal kantua irakatsiz, herritarrak euskal kulturan heziz, elkarbizitzari ekarri dion aberastasunagatik». Anoetan Euskal Jaiaren bueltan antolatu duten egitarauaren barruan kokatu dute omenaldia eta aurkezpen agerraldian izan dira, besteak beste, Pello Estanga bertako alkatea eta Eztitxu Mujika Zaldibikoa, Garmendia ezagutu zuten beste hainbat anoetar eta zaldibiarrekin batera.

Bihar, 18:00etan Anoetako plazan abiatuko den omenaldi ekitaldia, jaialdi formatuan antolatu dute. «Nafarroako ttuntturroak izango dira, txalapartariak, Zaldibia eta Anoetako dantzariak, Tolosako Udaberri dantza taldekoak, abesbatzako kideak, txistulariak, Loatzo musika eskolako eta Anoetako Herri Ikastolako ikasleak... arratsalde zoragarri eta magikoa bizitzeko aukera izango da».

Garmendia zenaren ibilbidearen zertzelada batzuk emango dira bihar eta egin zituen lanen berri ematearekin batera, euskal kulturaren barruan izan zuen garrantzia ikusaraziko da, «antzerkigintzari egindako ekarpenagatik eta, tradizioari eutsiz, euskara modernizatzeari bizitza osoan lotu izanagatik».

Zaldibian jaio arren 9 urte zituela etorri zen Tolosako Sakramentinoetara eta bere lagunek nabarmendu dutenez gazte-gaztetatik antzematen zitzaion zein izango ziren bere bi pasio handiak: musika eta euskara. Besteak beste sakramentinoekin ikasi zuen musika eta pianoa jotzen eta ikastetxeko organista izan zen. Felix Galdona apaiz sakramentinoekin batera sortu zuen 1957an Tolosako Udaberri dantza taldea.

Bere jaioterrian, Zaldibian, abesbatza sortu zuen 1968an eta haurrentzako musika klaseak antolatu zituen. «Herrian, eta herritarrekin, sortutako musika sustatu zuen beti, zegoen tokian zegoela», aipatu dute omenaldiaren antolatzaileek. 1977an Anoetara ezkondu zenez geroztik bertako elizan organoa jotzen zuen, esate baterako. Anoetako Herri Ikastolarekin batera herriko helduen abesbatza sortu zuen eta zuzendari jardun zuen urte askoan. Eguberrietan, Santa Ageda egunez eta San Joan gauean biltzen ziren abestera. Kantu kide izan zituenetako asko, bihar, Anoetako plazan izango dira.

Euskaralari sutsua

Garmendiak beti izan zuen euskara aztertzeko grina eta 1968ko Arantzazuko Biltzarrean, euskara batuaren deklinabideari buruzko txostena aurkeztu zuen, dagoeneko euskaltzain urgazle zela. Donostian, Filologia ikasketak egin ondoren, euskara irakasle jardun zuen, besteak beste, guraso eta irakasleentzat, Tolosako Laskorain ikastolan.

Euskara zuzentzaile bezala egin zuen bere ibilbide profesionalaren parte handiena, 70eko hamarkada amaieran Eusko Kontseilu Gorenean aurrena eta Egin egunkarian ondoren, 1977an sortu zutenetik Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zuten arte. 21 urtez euskara arduradun izan zen euskal kazetan.

50eko hamarkadan Erroman Teologia ikasketak egin ondoren Euskal Herrira itzuli eta 1962an Maulera bidali zuten bizitzera, «kultura abertzaleari gehiegi gerturatzen ari zitzaiola iritzi baitzioten orduko apaizek». Zuberoako hiriburuan, ordea, euskal antzerkia berritzeko mugimendua sustatu zuen. Historia triste bat antzerki lana idatzi zuen 1964an eta Ondarroako Lore Jokoetako antzerki saileko lehen saria irabazi zuen. «Iskanbila sortu zuen obra hark: apaiz gazte batek idatzia bazen ere, ordura arte euskal antzerkian jorratu ez ziren gaiak lantzen baitzituen, suizidioa eta prostituzioa besteren artean».

Antzerki lan horri esker egin zen ezagun Garmendia garaiko euskaltzaleen eta literaturazaleen artean. Gerora itzulpen lan asko egin zituen, besteak beste, Albert Camusen Gizon zuzenak (1967), Antoine de Saint Exuperyren Printze txikia (1970) eta Gabriel Garcia Marquezen Heriotza iragarritako baten kronika (1982). Omenaldiaren antolatzaileek iragarri dutenez, Printze txikia obraren zati batzuk ere antzeztuko dira bihar.

2018ko azaroaren 14an hil zen Xalbador Garmendia. Ia urtebetera horrela hitz egin diote lagunek, biharko ekitaldia iragartzeko esku orrian: «Batua nahi zenuen euskara; eta batua, euskalduna eta burujabea, Euskal Herria. Horrela hartu zenituen ezarritako legeari aurre egitearen arriskuak». Anoetako eta Zaldibiako udalen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dute omenaldia antolatzeko. «Euskaldun izaten jarraitzeko lagungarri izango da omenaldia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!