Anoetako Euskal Jaian basoko jangaiak hartuko dituzte hizpide

Ataria 2019ko urr. 10a, 19:55

Eguraldi txarragatik iazko Euskal Jaia frontoian egin behar izan zuten

Anoetan euskal nortasuna hauspotu, jakintza eta tradizioak ezagutarazi eta herriko baserritarrei plaza eskaintzeko eguna egingo dute igandean; Basoko jakiak hizpide hartuta gaur bertan hasiko dira ekitaldiak

Hamabigarren aldia da Anoetan Euskal Jaia antolatzen dutela eta bigarren urtetik gai bat hartzen dute urtero lantzeko. Horrek lanketa berezitua egiteko aukera eskaintzen die antolatzaileei eta urteroko ekimena ezberdin egiten du. Elikaduraren inguruko gaiak landu izan dituzte, baina baita gai immaterialak ere, mitologia edo ahozkotasuna bezalakoak.

Otsailean aukeratu zuten aurtengo Euskal Jaia basoko jangaien inguruan antolatzea: «Ertz asko ditu basoak eta zehazki bertatik lortu ditzakegun elikagaietan jarri nahi dugu arreta. Gaztainak eta perretxikoak etortzen zaizkigu aurrena burura, baina hor daude landare jangarri asko, modu basatian hazten direnak». Igandean azokaren erdian jarriko duten postua ezkurraren inguruan antolatuko dute, esate baterako. «Garai batean ezkurra jaten zuen jendea gutxietsi egiten zuten, eskolako umeak esate baterako barregarri uzten zituzten, hura animalien jangaia zela esanez. Horregatik, isiltzen joan da jakintza hori eta ez da belaunaldi berrietara pasa».

Goiabe baserrikoekin jarri dira harremanetan batzorde antolatzaileko kideak eta haien eskutik iazko ezkurra jaso dute. Errezilgo baserri batean ezkur irina egin eta irin hori baliatuko dute igandeko plazaren erdian jarriko duten postu «bizian». Krepeak egingo dituzte irinarekin eta marmeladarekin, konpotarekin edota osin tortillarekin beteko dituzte.

Igandean, 10:00etatik 14:00etara egongo dira azokako postuak zabalik, baina basoko jangaien inguruko lanketa ez da Euskal Jai egunera bakarrik mugatuko. Gaur arratsaldean, gaztaina jatea egingo dute plazan eta bihar, mendi irteera abiatuko da plazatik 10:00etan (ikusi egitaraua 26. orrian). Bertan bildutakoarekin dekoratuko dute azoka eta lanketa borobiltzeko, igande eguerdian pilotalekuan egingo duten bazkariko menua ere berezia izango da: onddo nahaskia, basurde gisatua, arroza barazkiekin eta jogurta.

Aurten, lehenengo aldiz, patxaran lehiaketa antolatu dute: «Iaztik eginda daukaten patxarana ekarri ahal izango dute herritarrek, 11:00etan herriko plazara. Oroigarri bat prestatu dugu eta urtero eskuz esku pasatzea da gure asmoa. Etxean patxarana egiteko ohitura indartu nahi dugu, eta noski, bazkalondoan lehiaketara aurkeztutakoak probatuko ditugu».

Urteekin begirada fintzen joan zaiela aitortu dute antolatzaileek: «Ikusten dugu badagoela joera orokor bat azokak folklorizatzeko. Ez ditugu bere horretan postuak ikusgai jarri nahi, jendeari erosketak egiteko gonbita luzatzen diegu eta elikagai edo produktu bakoitzeko postu bana ekartzen dugu. Mugatu egin dugu kopurua 22ra». Herriko Barrundi, Argindegi, Etxeberri eta Sarobe baserrietako produktu freskoak izango dira eta elikagai eta artisautza postu gehiago ere izango dira, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoak.

Izan ere, baserritarren lana bistaratzeaz gainera, euskal nortasuna aldarrikatzeko helburua ere badu Euskal Jaiak. Antolatzaileek, baserritar jantziekin gerturatzea eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!