"Pilotalekuko giro hori guztia islatzen saiatuko gara dantza ikuskizunean"

Jon Miranda Labaien

Gaur, 22:30ean Abraham Olano kiroldegian Saketik, errebotera ikuskizuna eskainiko du Anitz dantza taldeak. Amaiur Luluaga (Anoeta, 1992) irakaslea emanaldia prestatzen eta koordinatzen aritu da.

Zenbatgarren aldia da emanaldi hau eskaintzen duzuela?

Oker ez banago, hamargarren urtea izango da aurtengoa horrelako emanaldi handi bat antolatzen duguna. Iaz gaueko emanaldiaren formatua bi urtez behin egitea erabaki genuen eta hortaz aurreko urtean ez zen emanaldirik egin. Horren ordez, Anitz dantza taldearen eguna egin genuen arratsaldez.

Zer da aurtengorako prestatu duzuena?

Pilotalekuan jokatzen diren modalitate guztien erakustaldi bat da. Erremontea egongo da, xarea, eskupilota, pala eta raketistak egongo dira. Dantza askotan, elementua bera presente egongo da eta beste askotan ez. Baina artekariak eta pilotalekuko giro hori guztia islatzen saiatuko gara.

Zenbat dantza izango dira 'Saketik, errebote' emanaldian eskainiko dituzuenak?

11 dantza izango dira guztira, eta tartean, herriko antzerkizaleek parte hartze txikiak egingo dituzte emanaldia borobiltzeko. Lehen bertso-antzerkia egiten zen garaian presentzia handiagoa zuten horrelakoek, baina orain dantza arteko loturak egiteaz arduratzen dira, agertokia girotzeko. Xabi Urretabizkaia eta Juanjo Oria ariko dira langintza horretan.

Zenbat dantzarik hartuko dute parte?

Gazteenak Lehen Hezkuntzako lehen mailakoak dira, eta helduenak berriz, 50 urte ingurukoak. Guztira, 60 dantzari inguru izango direla kalkulatzen dugu.

Zeinek prestatu ditu emanaldian eskainiko diren koreografiak?

Gure sorkuntzak dira dantza guztiak. Helduen taldearekin, aurten, beste era batera jokatu dugu. Koreografietako bat oso osorik beraiek muntatu dute. Aurten lehen aldiz sorkuntzan aritu dira.

Eszenografia berezia prestatu al duzue aurtengorako?

Ez da ezer berezirik izango. Pilotalekuaren testuinguru hori islatzen saiatuko gara dantza emanaldi honetan.

Entsegu asko egin al dituzue aurtengo emanaldia prestatzeko?

Talde bakoitzak saioa tokatzen zaion garaian egin ditu entseguak eta emanaldia gerturatu ahala sakonago jardun du. Bi entsegu orokor ere egin ditugu denok batera.

Loatzo musika eskolako ikasleek ere bertan izango dira?

Bai, urtero bezala bertan egongo dira. Hiru dantzetako musikak eskainiko dituzte zuzenean; gainerako musikak aurrez grabatuak dira.

Aurtengo emanaldian sorpresarik izango al da?

Kolaborazio bereziak izango ditugu. Xabier Perez Euzkitze-rena eta Iñaki Elortza Txapas-ena, esate baterako. Txapasek, esate baterako, koreografia batentzako audioa grabatu digu, pilota partidu bat irratiz emango balu bezala eta gure ikasleek partidu hori dantzatuko dute. Eta Euzkitzek, berriz, saioaren aurkezpen lanak egin ditu eta pilotalekuaren inguruan herrian aspaldiko urteetatik hona egon diren kirolariak aipatuko ditu.

Erlazionatuak

Kukua jaitsi baino lehen, Anoetan jai

Jon Miranda Labaien 2019 eka 14 Anoeta

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!