Aurten inoiz baino beranduago iritsi dira Anoetako festak. Korputs eguna ekainaren 20an ospatuko denez, ia sanjoanekin bat egingo dute jaiek. Ohi bezala, asteazkenean, ekainaren 19an, 19:00etan, suziria botaz hasiko dituzte festak ofizialki, baina asteburu honetan izango dira lehenengo egitasmoak.
Gaur gauean, Abraham Olano kiroldegian, Anitz dantza taldeak eskainiko duen Saketik, errebotera emanaldiarekin abiatuko dira festak, eta bihar Kuadrillen eguna izango da. Igandean biribilduko dituzte lehen asteburuko ekitaldiak, hainbat jatorritako jakien dastaketarekin eta arratsaldeko bertso eta dantza saioekin.
Jarrera irmoa, indarkeria matxistaren aurka
Festa gunean nahiz gunetik kanpo, festen barruan erasorik gertatzen bada, horren aurrean erantzun bateratu bat emateko protokoloa osatu zuten iaz Anoetan. Hautetsiek, herriko eragileek, tabernariek eta udal langileek parte hartu zuten protokoloaren osatzetan, eta aurten ere dinamika berdinarekin jarraitzea erabaki dute.
Aurten, Martxoaren 8aren testuinguruan, herriko emakumeak biltzen eta saretzen hasi dira, eta parte hartze aktiboa izango dute, gaur bertan hasten diren festetan: besoko morea eramango dute eta edozein erasoren aurrean, erreferentzia puntua izango dira. Horrekin batera, eraso matxistarik ikusiz gero, jarraitu beharreko pausoen inguruko argibideak eman dituzte: «Erasotuari zure laguntza eskaini, leku lasai eta seguru batera joateko aukera eman, konfiantzazko norbaiti deitzeko aukera eskaini, ez utzi bakarrik, horrela nahi ez badu, ez behartu gertatutakoa kontatzera, ez epaitu erasotua, eta erasotzailea identifikatu eta festa gunetik kanporatu». Eraso matxistaren bat ikusiz gero, telefono bat ere jarri dute herritarren eskura: 688 61 21 00.
Amaitzeko, Anoetako emakumeek azaldu dute, ez dutela eraso matxistarik onartuko herriko festetan. «Azpimarratu nahi dugu guztion ardura dela erasoak saihesten laguntzea eta erasoei erantzutea».
ANOETAKO JAIAK 2019
EKAINAK 14, OSTIRALA
22:30. Dantza emanaldia kiroldegian: Saketik, errebotera, Anitz Dantza Taldeak antolatuta. Loatzoko musikariek ere parte hartuko dute..
EKAINAK 15, LARUNBATA
09:30. Haurren krosa.
10:15. Txirrindulari lasterketa, Mikel Oiarzabal eta Andoni Urkolaren omenez.
10:45. Helduen krosa, Ivan Torres V. memoriala.
12.00. Kuadrillen eguneko txupinazoa plazan.
14:00. Kuadrillen bazkaria frontoian.
16:30. Kuadrillen arteko jokoak plazan.
19:00. Koadrillen poteoa, Batumore Tolosako batukada feministak alaituta.
21:00. Kuadrillen afaria frontoian.
23:00. Iratzar taldearekin erromeria plazan.
EKAINAK 16, IGANDEA
12:00. Hainbat jatorritako mokadutxoen dastaketa, musika eta dantzaz alaituta: Kawadeni ikuskizuna (djembe, perkusioa, dantza...).
18:00. Bertso emanaldia elizan. Onintza Enbeita, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga, Eli Pagola eta Aitor Mendiluzerekin.
Ondoren. Lau eme dantza ikuskizuna Haatik konpainiaren eskutik eta taloak dastatzeko aukera.
Haatik dantza konpainiak 'Lau eme' ikuskizuna eskainiko du igandean
Konpainiaren Lau eme lan berriak emakumeei ematen die ikusgarritasuna, eta urteetan zehar ahalduntzearen bilaketan egin behar izan duten borroka agertzen du.
«Kanpotik itxura ederra bazuten ere, sakonean zapalduak eta otzanak ziren garaiko emakumeek emango diote hasiera pieza honi. Familia zaindu eta euren senarrentzat apain egotea zen bete beharreko rola, baina, pausoz pauso, eta borroka feministak historian zehar emandako aurrerapausoak erakutsi nahian, gaur egungo emakumeengana iritsiko gara. Itxuraz libre eta independenteak... Baina, oraindik, euren jokabideengatik uneoro epaitzen dituen gizarte batean», dio konpainiak.
Aiert Beobidek zuzendu du emanaldia eta Amaiur Luluaga eta Anne Jauregi Anoetako dantzariekin batera, Irati Sorondo tolosarrak eta Jone Amezagak hartzen dute parte. 20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da, igandean, Anoetako plazan.
ERAGILEAK BATU DIRA JAI HERRIKOIEN ALDE
Sare herritarrak, Matraka mugimendu feministak, Anoetako Gazte Asanbaldak, Sortuk eta Ernaik jai eredu parte hartzaile eta berdinzalea bultzatzeko egitaraua prestatu dute. Asteazkenetik aurrera izango dira ekitaldiak, baina bien bitartean txosnagunea prestatu dute egunotan. Argazkian, eragileak, muntai lanetan.