EH Bilduk irabazi du, alde txikiarekin

Ataria 2019ko mai. 27a, 09:40

Anoetan koalizio abertzaleak sei zinegotzi eskuratu ditu, EAJk bost eta PSE-EEk bakar bat ere ez.

Anoetan, 2.000 biztanleko muga gainditu dute eta inoiz baino zinegotzi gehiago hautatu behar izan zituzten atzo herritarrek. Guztira, 11 zinegotzi izango dira aurrerantzean Anoetako Udalean eta gehiengo osoa izango du EH Bilduk. Hirugarren agintaldia izango du alkate gisa Pello Estanga koalizioko zerrendaburuak. Ondoan izango dituen bost zinegotziak, berriz, berriak izango dira.


«Balorazio oso positiboa egiten dugu, baina gazi-gozoa, zazpigarren zinegotzia lortzeko bederatzi botoren faltan geratu garelako», aipatu du Estangak. Botoetan duela lau urte baino gehiago atera ditu EH Bilduk eta EAJrekiko aldea ere handitu egin duela aipatu du egungo alkateak. «Sei edo zazpi zinegotzi izan aldea badago, eguneroko lanerako geroz eta jende gehiago izan hobea izatean baita».


EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena Anoetan. Rafa Uribarren, Agurtzane Nuñez, Aitzol Arozena eta Nuria Carbonell izango dira zinegotzi jeltzaleak Anoetan. Duela lau urte lau zinegotzi zituen EAJk eta emaitza hobetzea lortu du, bost zinegotzi eskuratuta. Rafa Uribarren alderdi jeltzaleko zerrendaburuaren esanetan, «aurrerapausoa» eman du EAJk. «Ilusioa genuen alkatetza lortzeko, baina Anoetako soziologia ezagututa, EH Bilduk irabaztea pentsatzekoa zen». Koalizio abertzalea zoriondu du Uribarrenek eta esan du, beren programa aurrera eramateko lan egingo dutela udalean: «Kontrol lana egingo dugu oposiziotik eta gure iritziak emango ditugu udalean. Herritarrak uneoro informatuta edukiko ditugu».


PSE-EE da hirugarren alderdi bozkatuena Anoetan 40 boto eskuratu ditu eta ez du ordezkaritzarik lortu Anoetako Udalean. Hain zuzen Jose Luis Vilanovak ez du eserlekurik lotu.


Parte hartzeari begiratuta, atzo udal hauteskundeetan 1.088 herritarrek eman zuten botoa Anoetan udal hauteskundeetan. Duela lau urteko datuekin alderatuta, parte hartzeak gora egin du %1,5. Anoetako Herri Ikastolan jarri zituzten atzo hautetsontziak eta bertara gerturatu ziren herritarrak botoa ematera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!