Anoetako EH Bilduk batzarra egin zuen larunbat goizean, orain arteko hauteskunde prozesua zein izan den azaltzeko eta udal hauteskundeetarako hautagai zerrenda onetsi eta berresteko. 60 lagunetik gora bildu ziren auditorioan egindako herri batzarrean, eta EH Bilduko hauteskunde batzordeko ordezkariek herri programaren zirriborroa aurkeztu zuten lehenengo. Azaldu dutenez, urrian egindako herri batzarrean herritarren ekarpenak jaso zituzten eta, hurrengo hilabeteetan, EH Bilduko udal taldearekin landu dituzte eduki horiek, datozen lau urteetako erronkak eta aukerak zehazteko, «beraiek ezagutzen baitute ondoen azken lau urteetan Anoetan egin dena eta egiteko gelditu dena».
EH Bilduko kideek azpimarratu zuten programaren lehenengo «zirriborroa» dela batzarrean aurkeztu dutena, eta datozen asteetan Anoetako hainbat talderekin elkartuko direla ekarpen berriak eta iradokizunak jasotzeko. Urrian hasi zen hauteskunde-prozesua, eta lehen pausoa izan zen alkategaia erabakitzea: «Herritar askok parte hartu zuen eta gehiengo handiak oraingo alkate Pello Estanga izatea alkategaia erabaki zuen», azaldu dute.
Urrian, herritarrek hilabeteko epea izan zuten zerrenda osatzeko hautagaien izenak proposatzeko. Azaroan, kontaktu fasea hasi zuten eta hainbat herritarrekin elkartu dira azken hilabeteetan. Hainbat pertsonarekin hitz egin ondoren, honako hauek osatzen dute EH Bilduren hauteskunde zerrenda, Pello Estanga, Saioa Tolosa, Amaia Urkola, Aitzol Esnaola, Esther Iztueta, Jokin Tolosa, Ana Elosegi, Mikel Atxega, Garazi Munduate, Mikel Olano, Ainhoa Gabirondo, Xabat Urkola, Jone Redondo eta Joakin Iraolak.
Herri batzarrak berretsi egin zuen hauteskunde zerrenda. Ondoren, hamaiketakoa egin zuten, eta bertaratutako guztiek argazkia atera zuten hauteskunde-zerrendari babesa emateko: «Ilusioz eta indarrez beteta jarraituko dugu lanean», adierazi dute Anoetako EH Bilduko kideek.